OKA.MAG elkartea: Guyana Frantseseko amerindiarren aktualitateari buruzko bihilabetekoa.
Helbidea: 11 rue Abel Azor, 97310 KOUROU, Guyana Frantsesa, Hegoamerika.
Tel: (0033) 05 94 22 01 41/ 06 94 24 22 36
Presidente eta editorea: Philippe Aquila.
Presidenteordea: Guillaume Kouyouri.
Honako aldizkaria 2001ean sortu zen Guyana Frantseseko amerindiarrei hitza eta ahotsa emateko. Konpromiso handiko aldizkaria, OKA.MAGek Guyanako jende asko gogaitu eta haserrarazten du... Aldizkariak jarraitzea elkarteko lau partaideek eta zuk, irakurriz, eman diezaiokezun laguntzak egiten dute posible, ez pentsatu gehiago eta eman izena OKA.MAGen!! FRANTSESEZ DA.
Metropolian jasotzeko:
3 zenbaki: 16,50 euro.
6 zenbaki: 33 euro.
Txekea OKA.MAGen izenean bidali, zure izen-abizenak eta helbidea beste orri batean jarriz.
Maroni-Garaian merkurio pozoinketa maila
2005eko iraileko azkeneko astean Solidarité Guyane elkarteak Maroni-Garaiko herrixka amerindiarretan ikerketak burutu ditu. Ikerketa hauek, 2004koekin batera, urre ustiaketa dela eta dagoen merkurio kutsaduraren neurria ikusteko egiten dira.
Laginek 120 ile ezberdinei eginiko ikerketak erakusten dituzte, analisi laborategiek (National Institute for Minamata Disease- Japon) eta OMEk (Osasunerako Mundu-Erakundea) eskatzen zuten bezala.Azaro hasierako lehen emaitzek zera argitzen zuten: Kayodé herrixkan egindako 75 analisietatik 32k merkurio pozoinketa azaltzen zuten.
Hona hemen (InVs-1999) batazbesteko merkurio kontzentrazioa adierazten duen taula, mikrogramo merkurio/ile gramoko:
Guyanako populazioa: 3 Guyanako metropoliarra: 1,7
Nb Mini Maxi Ertaina Batazb. + 10 (OME) % + 4.4 (EFSA) %
2004 13 7.38 21.97 9.32 11.51 6 46 13 100
2005 16 6.42 26.6 10.94 12.41 12,7 75 16 100
Nb Mini Maxi Ertaina Batazb. + 10(OME) % + 4,4 (EFSA) %
2004 24 6.4 21.13 12.5 12.81 18 75 24 100
2005 16 6.59 25.82 13.06 13.1 10 62 16 100
Genozidioaren definizioa: nazio, etnia, arraza edota erlijio talde oso edota zati bat suntsituz burutzen den gizadiaren aurkako krimena.
Lekua: Guyana Frantsesa (Hegoamerikako departamendu frantsesa).
Genozidio isila: wayana, wayãpi eta teko amerindiarrak.
Erabilitako teknika: antzinako lurrak kentzea, merkurio bidez pozoinketa eta intoxikazioa, heriotz motel baten arriskua duenari laguntza eza.
Arduraduna: Estatu frantsesa ardura maila guztiei dagokienez, Errepublikako presidentetik hasita, meatze negozioan sarturik dauden Guyana bertako hautatuen gehiengoaren laguntzaz.
Irakurle maiteak, Oka.Mag zenbaki berezi honetan aurkitu behar dituzunak, zoritxarrez, benetako kontuak dira eta, batez ere, benetan larria dena, lurralde frantsesean gertatzen dira, giza eskubideen herrialdean. Laburki gogorarazten dizuegu, Guyana ez dela Afrikan galduriko lurralde bat (geroz eta antza gehiago hartzen ari zaion arren), ez Asia, ez «irlak», ezta ez dakit nongo leku bat ere, Hegoamerikan dago eta dela bost mendez geroztik lurralde frantsesa da. Gure egoera ofiziala ez da TOMa («Territoire d’Outre-Mer», itsasoaz harandiko lurraldea), DOMarena baizik («Département d’Outre-Mer», itsasoaz harandiko departamendua), hexagonoko beste 95 departamenduak bezalaxe (paper gainean behintzat). Eta hau onartezina da. Gu ez gara hirugarren munduko herrialde bat, baina Frantziatik zazpi mila kilometrotara egoteak, Amazonia erdian, maila paretsuan jartzen gaitu. Urruntasun honek batzuek ezer ez errespetatzea eta ohianeko legea egotea suposatzen du, betiere, gobernu frantsesaren bedeinkapenpean.
Lurraren eskandalua:
Dena, jada dela bost mende izandako Guyanaren konkistaz geroztik (eta ez aurkikuntza) amerindiarrei lur guztiak kentzetik dator. Gaur egun, 2005ean, Estatua Guyanako lur gehienen jabe da eta hautatu «guyanarrek» lur hauen jabetza osoarekin egin nahi dute, beraiek dioten bezala, “baliabideen irispiderako”. AEB edo Kanadako amerindiarrek ez bezala, Guyanako amerindiar nazio batek ere ez duela sekula inongo jabetza emaitzarik sinatu gogorarazten dugu. Labur eta argi esateko, gure lurrak lapurtu egin dizkigute. Kolonizatzaile berriak hor daude, gure ate ondoan, beltzak zuriaren lekua hartu du, baina, guretzat, emaitza bera da: lurrak kentzea eta akulturazioa.
Herri amerindiar guztiek badute arazo bat beraien tutoretza duten komunekin eta beraien antzinako lurrarekiko eskubideak kentzen dizkiete inorri axola ez zaiolarik: kasurik larriena Kourou-koa da, non udalak kali’nen herrixka “jan” duen. Bellevue-Yanaou, Degrad-Savane, Organabo, Macoua eta Flèche herrixka kali’nak Iracouboko komunak «mehatxatuarik» daude. Paddock, Terre Rouge, Espérance eta Village Pierre Saint-Laurent du Maroniko komunaren tutoritzapean daude. Javouey de Mana-ko herrixka kali’na mehatxaturik dago. Lokono de Balaté herrixkak etengabeko borrokan dago St-Laurent du Maronirekin. Macouria, Roura, Régina eta Saint-Georges de l’Oyapock-eko palikour herrixkak sekulako lur arazoak ditu. Maroni garaiko wayana herrixka guztiek Maripasoula-ko komunatik presio jasangaitzak dituzte (ikus Wyngaarde anderearen artikulua). Camopi (wayãpi eta teko) eta Awala-Yalimapo (kali’na) komuna frantsesak dira, hala ere, hori ez da lur arazoak ez edukitzearen arrazoia, baina hori beste kontu bat da. Komuna kreol hauen teknika erraz eta eraginkorra da: herrixka hauetako «ohitura buruzagiaren» autoritateari muzin egin eta bertakoak komentzitu lurrak eros ditzaten. Estatuak ohitura buruzagi hauen autoritatea aintzat ez hartzeak eta NBEak berak autoktono hitzak suposatzen duena alde batera uzteak teknika hau erabiltzea bultzatzen dute.
Inini-a : 1930eko ekainaren 6an sorturiko 80.000 km²-ko lurralde guyanarra eta 1947an Guyanari berriro atxiki zitzaiona.
Inini lurraldea, «Amerindiarren herrialde» gisa ere ezagutzen da eta hamarkada batzuetan bertako giroa nahiko lasaia izan da, baina, gaur egun, lurralde hau bertako hautatuen nahietan dago ; hauek, euren onurarako, lurrak bereganatzea dute helburu, bertan bizi diren hiru herri amerindiarren kaltetan. Etengabeko presioak geroz eta indartsuagoak dira. Lurralde hau Guyanako mapan Herri Amerindiar gisa azaltzeak asko hasarrarazten ditu eta zati hau kudeatzearekin pozik ez (hau ere ongi egiteko gai ez dira, bestalde) eta oihanean galduriko « basati » batzuek ez diete galeraziko, bada, beraien aberastasun gosea asetzen, noiz eta aipaturiko baliabideak uki ditzaketenean (egur, urre, petrolio, diamante…). Diskurtso ofizialean, barnealdearen hobe beharrerako errepideak egin behar dituztela diote. Hau guztiz lekuz kanpokoa da: Amazonas oihanean kilometro eta kilometrotako errepideak egitea pertsona gutxi batzuk besterik bizi ez diren herrixken hobe beharrerako. Diskurtso ofizial honen bitartez, gure gobernari batzuek baliabide ospetsu hauen jabe egiteko gosea dutela ezkutatu eta Guyanan agintzeko gai direla erakutsiarazi nahi da. Errepideen proiektu hori aurrera doa eta, benetan, lotsagarria da, batez ere RN1 eta RN2 errepideen egoera kaxkarra ezagutzen dugularik. Inork ez du kontu honen arduraz ezer jakin nahi, emaitza: errepide penagarri bat, eta, beste bat egin nahi duzue? Begira Kourouko errepideak, herri espaziala, Albina gerra zibiletik atera berri dela esango genuke! Lotsagarria.
Osasun sarearen egoeraren eskandalua.
Egoera hau askoz ere penagarriagoa da. Guyanako medikuen sindikatuak berak egoera larria dela esan du, baina inork ez dio garrantzi txikienik eman. Komunikabideek, beraien eragina ongi ezagutu arren, ez dute sekula gai hau serioski jorratu. Guyanarrak, gauzak ezkutatzen ari zatzaizkizue, gauza larriak.
Oka.Mag-eko 22 zb.an, wayana biztanleriaren erdia baino gehiago maila ezberdinetako tuberkulosiak jota zegoela azaltzen genizuen. Osasun agintariek ez dute gauza handirik egin. Honen froga, lekuan, geroz eta tuberkulosi kasu gehiago daudela. Kukutxeztulak jada titiko haur asko hil zituen Camopin 2003an. Brasilgo palikourrak epidemia gogor batek astindu ditu orain dela gutxi (2005eko urria), mugatik 70 km eskasetara. Palikour hauek askotan pasatzen dira alde frantsesera Saint-George de l’Oyapock, Régina, Favard eta Macouriara arte batzutan. Zer egin behar dute osasun agintariek? Herri amerindiarrek bi gaixotasun hauen aurka ez dutela inongo inmuno babesik gogorarazi behar dizuegu, izan ere milaka urtetan ez baitzituzten heritasun hauek ezagutzen, lehenengo europarrek ekarri zituzten arte.
Denge eta paludismoak indarra hartu dute barnekaldean eta badira kasu larriak itsasertzean ere; hauek urre ustiaketari zuzenean loturik daude (ur isuriak, milaka ur putzu zuhaitz mozketa dela eta, ur ponpen lana… eltxoentzat habia berriak). Eskerrik asko urre ustiaketari.
Urre ustiatzaileen ezkutuko –edo ez- herrietan prostituzioan dabiltzan, batez ere, jatorri brasildarreko milaka emakumek trasmitituriko gaixotasun benereo eta hiesak gora egin dute nabarmenki. Eskerrik asko urre ustiaketari.
Disenteria ezberdin eta, batzutan, hilkorrak, batez ere haurren artean. Barnekaldeko haur amerindiar asko hil dira urre ustiatzaileen lanak kutsaturiko ibaietako ura edan ondoren (ur nahasiak). Eskerrik asko urre ustiaketari.
Heriotzak, hilketak, kontu kitaketak, torturak, zigor krudelak, leku horietan bertan edota ingurukoetan. Hauek ere osasun sarearen barnean sar daitezke bertatik ateratzen diren ezinduak kontutan hartzen badira. Eskerrik asko urre ustiaketari.
Zuek, urrezko bitxiak eramatea atsegin duzuen guztiak ere, egoera jasangaitz honen arduradunak zarete. Eskaerak eskaintza sortzen du… bitxi denda batean sartzen zareten bakoitzean Guyanako azken amerindiarren genozidioaren egileak bihurtuko zarete.
«Anakonda operazioen» eskandalua.
Badirudi anakondak bere isatsari kosk egiten diola. Gendarmeek burutzen dituzten anakonda operazioak geroz eta gehiago dira, baina, komunikabideen aurrean ateratzeko eginikoak dira batez ere, emaitza handirik gabe betiere. Gehienetan, urre ustiatzaileek operazioen berri daukate (nola? Hori jakitea oso interesgaria izango litzateke) eta, askotan, lekura iristen direnerako ihes egin ezin izan dutenak, emakumeak eta haurrak beserik ez dira geratzen. Zoritxarreko gaixoak, langile izatetik urrun, esklabuen baldintzetan «lan tradizional errespetagarri» hau burutzen dutenak. Okerrena Girardin ministro anderea Sikini-ra (Camopi ondoan) joan zenean eginiko “filma” izan zen. Bertan ez zen ezkutuko urre ustiatzailerik geratzen, denek Villa Brazil garagardo ona edaten zuten ministro anderearen osasunera, komunikabide aurkezpenaren ondoren bere etxera noiz bueltatuko zen zain denak. Joan, bada, orain Sikini ikustera, lehen baino okerrago dago, lotsagarria da eta Estatu frantsesarentzat ezkutuan mantentzen da. Zenbaki bat, hirurak. Hiru gendarme besterik ez Camopiko ezkutuko ustiatzaile brasildarrei aurre egiteko. Ezkutuko lekuetara, inongo arazorik gabe, gasoila eta beste gauza asko eramaten dira helikopteroz: lotsagarria, non daude agintarien borondate eta baliabideak! Azpimarratzekoa dena, besteak beste, Brasilgo aldean ez dela inongo mineral ustiaketarik, izan ere Estatu brasildarrak ematen duena benetako babesa baita eta, beraz, bertako hiritarrentzat ez du inongo buruko minik suposatzen: alde frantsesera joaten dira urrea ustiatzera. Lotsagarria da Frantziak, gero, beste herrialde batzuei, Brasili, besteak beste, ekologi ikasgaiak ematera ausartzea.
Eta anakonda operazio hauek ongi ateratzen direnean, gendarmeek beraiek ere kutsaduran handiagotzen laguntzen dute, izan ere hartzen duten material guztia lekuan bertan suntsitzen baitute (olioa, gasolina, gasoila, piezak, motoreak...), inongo arretarik gabe, sua eman eta, ondoren, lekutik alde egiten dute.
Eta guzti honen buruzagiak, ezkutuko leku guzti hauen benetako jabeak? Non daude, gendarme jaunak? Anakonda operazioak burutzen zenbait hilabete eman ondoren, ez da bururik erori, ezta arduradun bakar bat ere, esklabu gisan ari ziren langile gaixoak besterik ez.
Beraz, operazio ospetsu hauek eta hauen benetako erabilgarritasunari buruz galderak egiteko eskubidea dugu, izan ere justizia frantsesak sekula ez baititu benetako buruzagiak harrapatu, are okerrago, ezkutuko lekuak geroz eta gehiago dira eta gure Guyana ederrak, zerutik ikusita, gruyère gazta bat dirudi. Lotsagarria da justizia frantsesa.
Merkurioaren eskandalua.
Jada pasa dira zenbait urte merkuriozko termometroak farmazietatik desagertu zirela eta hori guztia, erori eta puskatuz gero zenbait tantan isuri baitzitezkeen. Aldiz, libreki merkurioa tonaka erabiltzen duten urre ustiatzaileak ditugu. Hipokresia ederra. 2006ko urtarriletik aurrera hasiko den merkurioa saltzeko debeku horrek ez du ezertarako balioko. Oso ongi dakizue zerbait debekatzen den unetik, merkatu paralelo bat sortzen dela. Hipokresia, hipokresia. Guyanan urre ustiaketa ohitura kontua dela esatea bezala da. Nola konpara daiteke oraingoa aurreko mendeko urre bilatzaileekin, pala, pikotxa eta batea erabiliaz bakarrik, giza dimentsioa zuten lana egin eta natura eta ingurumenarekiko kalte txikiak egiten zituztenak (garai hartan erabiltzen hasi ziren merkurioa izan ezik)? Nola konpara daitezke gaur egungo teknologikoki izugarri ekipaturik dauden lekuekin (bulldozer-ak, aspiragailuak, makina elektrogenoak, motor ponpa, mangera hidroelektrikoak eta helikopteroak), bertan tonaka merkurio, zianuro, gasolina, gasoil, olio… erabiltzen dutelarik? Ezin da konparaketarik egin.
Eta zer esan gure ikertzaile frantsesek buruturiko inpaktu erauzketa eta ikerketei buruz; emaitzak: Guyanan ez dago merkurio kutsadurarik, Amazonas ohianeko zoruak naturalki du merkurioa. Amerindiarrak naturalki doaz okerragora (alkohola, odolkidetasuna...) eta elikaduraz aldatzea ez dute besterik. Eta arreta printzipioari buruz, beraz, zer? Guk ez dugu esango herrixketako zenbait arazo alkoholarekin lotuak ez daudenik. Alkoholismoarena arazo larri bat da, baina gertatzen den guztia honi lotzea ere, errazegia da. Eta nork ekarri digu, bada, alkohola? Lotsagarria da Estatu frantsesarentzatz, gure anai wayanei orain dela gutxi egin zaizkien erauzketak Estatu japoniarrak ordaintzea, hauek, izan ere, Minamatako ondamenditik asko ikasi baitute.
Hezkuntzaren eskandalua.
Barnekaldean, egiturak guztiz zaharkituak eta egokitu gabeak daude. Lehen mailako hezkuntzako zenbait ikasgelek, askotan, untxientzako kaiolak dirudite, sekulako beroa egiten duelarik Amazonasen. Camopiko kolegioa urtetan komunik gabe egon da. Hezkuntza Nazionalak hiru komun eraikitzeko amiba eta diarrea kasu garrantzitsuak egotea beharrezkoa izan da. Maroni ibaiko zenbait eskoletan oraindik ez dago komunik eta wayana txikiak, behar horietarako, ibaira joan behar izaten dira eskola ordutan. Ondorioak: orain dela aste gutxi, bere beharrak egiten ari zen arrokan irrista egin eta korronteak eramanda, haur bat itota hil zen. Eskerrik asko Hezkuntza Nazionalari, baina indio txiki bat besterik ez zen...! Irakasle askok ez dauka non lo egin ezta posturik ere eta, azkenean, hezkuntza aurrera eraman daitekeenean, ez da lekuko errealitatera egokitzen...
Komunikabideen eskandalua:
Bertako komunilabideen gaurkotasuna trataera kaxkarrak jarraitzen du, adibidez RFO Guyane, garrantzitsuena, baina baita inpartzialena ere, bere zitaltasunagatik ezaguna. Adibide gisa, azkena egindakoa: FOAGek (Fédération des Organisations Autochtones de Guyane) pozoinketak zirela eta egindako kexa “lekuz kanpoko” kontsideratu ondoren, Guyana bezalako departamendu txiki batentzat garrantzitsua zen berria plazaratu behar zuten egunean (19:30etako telebistako berrietan), hau hirugarren berria izan zen, erizaini buruzko erreportaje bat eta auto eskoletako formakuntzari buruzko beste baten ondoren. Ez dugu ezertxo ere erizainen eta auto eskoletako irakasleen aurka, baina izan gaitezen serioak! Hurrengo goizean, aurreko eguneko berriak berrematen dituztenean, are okerrago izan zen: erizain eta auto eskolei buruzko erreportajeak azaldu ziren, baina FOAGi buruz ezer ez. Informazio garrantzitsuak tratatzeko modu hau nahiko arraroa dela ezin da ukatu, beraz, telebista kate honetako arduradunentzat, merkurio pozoinketagatik kexatu diren berrogei familia amerindiar ez direla oso garrantzitsuak esan nahi du. Baina berrogei familiak kreolak izan balira, Guyana guztia mobilizatuko litzatekeela iruditzen zaigu, politikoak lehenengo, komunikabideek kaleko manifestazioekin... baina amerindiarren alde... ez du merezi... edozien modutara ere hiltzea da gure geroa... ekintzetan dago honen froga: urre ustiaketak berdin jarraitzen du “debekaturiko lekuan”. Zuek epaitu.
Oraindik jende askok ez dakiena zera da, wayanei gertatzen ari zaien berbera gertatuko zaiola hainbat familia guyanarri, ibaiertzean bizi direnei hasieran, itsasertzekoei ondoren, izan ere hau osasun sare publikoko sekulako arazoa baita (arazo hau berari dagokion konpetentziatik baino urrunago joaten ikusi duen Cayenne-eko tribunalak onartu bezala). Osasun sareko arduradunek arazo honi aurre egin beharko diote bernduegi izan aurretik, Minamata-n, Japonian, gertatu bezala. Honelako informazioen ordez, RFOk, bai telebistaz bai irratiz, independentista guyanarren historia eta “Eguberriko konplot” ospetsua bezalakoak entzunarazten digu. Astean behin baino gehiagotan eta pozik gainera... zuek epaitu.
RFOren teknika oso sinplea da atsegin ez dituzten gaiak jorratzerako garaian: behin bakarrik aipatzen dute argiaren abiaduran pasatzen den erreportaje batean eta egina. Informazioa ulertzeko astia izan baduzu ongi eta, bestela, ez da larria, Guyanan dena ongi doala sinesten jarraituko duzu, bertan denak direla eder eta atseginak eta, batez ere, gauzak gehiegi ez nahastea hobe dela...!
Kulana:u «Le canard Amérindien déchaîné»-rako. Oka-Mag aldizkaria, 28 zb.
Nerea Leturia Nabaroak itzulia.
Ecrire un commentaire - Voir les commentaires - Recommander




OHARRAK