BIDAI KONTAKETAK: VENEZUELA IV. 2006-II-13/III-02

Mardi 28 mars 2006 2 28 /03 /2006 00:26
 

2006ko otsailaren 13a: Curiapoko eskola.

14) Etxean hizkuntza bat gehiago hitz egiten ez denean...

Eskola astelehen goizean bisitatu genuen, aurretik eskolako koordinatzailearekin eta irakaslearekin hitz eginda.

Eskolara sartzeko ordua irmoa da, ia erlijiosoa: sorbaldak estaliak izan behar dira eta waraoz nahiz espainolez nazioko eta estatuko (Delata Amacuro) ereserkiak abesten dira.

Kultura eta hizkuntza waraoko irakasleak klaseak egin zigun harrera. Bertan warao hizkuntza eskolak (hitz waraoak) espainolez ematen (galderak) ematen ditu. Sekulako paradoxa, ezta?

Hasiera ez da batere erraza Kulturarteko Hezkuntza Elebidunarentzat. Dena dago eraikitzen han ere eta gauza berdinak ikusi ahal izan genituen: material falta eta irakasleen formakuntza eza. Hauek Wayo-n elkartu ziren egun batzuk lehenago, non waroentzako gida pedagogiko batean ari diren lanean. Hemendik 10 urtetara gauzak aldatu diren ikustea interesgarria izango litzateke... denbora utzi behar da, baina 10 urte nahikoa dira hizkuntza bat desagertzeko. Eta gaur egun haurrek ez dute waraoz hitz egiten, eta eginez gero, oso gutxi, izan ere, euren gurasoek ez baitiete irakatsi. Kultura waraoa asko gutxietsi da eta amerindiar izatearen lotsa sekulakoa da, “indio” izatea. Oso gutxi dira, irakasle hau bezala, waraoz hitz egin eta warao izateaz harro direnak. Badirudi Gran Sabanako pemoiak askoz ere harroago daudela euren nortasunaz. Interesgarria izango da hau ikustea.

Denbora izaez gero, Wayora joatea gustatu izango litzaiguke, bertan, eskola, katolikoa, oso aktiboa dela baitirudi. Hurrengo batean!

Aurey Hoc, Nereak itzulia.

2006ko otsailaren 14 eta 15: Ciudad Guyanara buelta.

Atseden hartu eta lana.

2006ko otsailaren 16tik 19ra: Santa Elena de Uairén, Gran Sabana.

15) SANTA ELENA ETA MANAK-KRÜ: KREOLAK ETA INDIGENAK

Dialekto bat arma eta ejerzitorik gabeko hizkuntza bat besterik ez da”

Weinreich.

Jorge González, Manak-Krü-ko kapitaina eta Santa Elenako eskola publikoko zuzendaria, ezagutzea izugarrizko zortea izan zen guretzat. Bere kulturaren alde gogor jarduten den gizona da eta, irakaslea denez, ongi ezagutzen du hezkuntzak gizarte batean duen garrantzia. Kapitaina den heinean, bere komunitatea eta, orokorrean, Gran Sabanako indigenen egoera gogor defendatzen ditu, betiere duen ikuspuntu kritikoa lagun duelarik. Gizon oso aktiboa eta, bate zere, umoretsua. Bitxia inondik ere, baina aparta eta bere indarraz eta gogoaz inguruan dituenak azkar liluratzen dituena.

Eskolan ezagutu genuen, noski, eta azkar asko ulertu zuen gure egitasmoa. Santa Elenan egon ginen denboran behin bano gehiagotan elkartu ginen berekin eta berriketan ematen genuen denbora oso atsegina eta interesgarria izaten zen, baina, bate zere, kritikoa. Denekin kritikoa: gobernuarekin, enpresa handiekin, elkarteekin, indigenen federazioarekin, indigenekin, bere buruarekin...

Jorge González Santa Elena aldamenean dagoen Manak-Krü komunitate pemoieko kapitaina da. Bertako indigenen egoera definituko lukeen hitzik egokiena “dekulturalizazioa” izango litzateke. Berak esaten zigun moduan, eta guk frogatu ahal izan genuen bezala, Manak-Krü Santa Elenatik oinez ordu laurden batetara besterik ez dago. Gertu, gertuegi. Bertako biztanleen arazorik larriena: indigena izan nahi ez izatea; nortasun indigena hori ezkutatu nahia.

Telebista, jantziak eta ohiturak guztiz mendebaldekoak dira Santa Elenan eta zer ikusi, hura ikasi Manak-Krün. Zergatik izan behar dira gureak inorenak baino hobeak? Etengabe egiten diot galdera hau nire buruari.

Haurrei pemoieraz zergatik ez duten egiten galdetu eta ez dakitelako erantzuten digute. Zergatik ez dakiten eta gurasoek irakatsi ez dietelako. Eta horrats! Bada jada belaunaldi bat hizkuntza galdu duena!

Gurasoei eskolan jo egiten zieten pemoieraz hitz egiteagatik; euren hizkuntza propioa gorrotatzen ikasi zuten. “Indio” hitza iraintzeko erabiltzen zuten: nork nahi zuen, beraz, “indio” izan? Gogorrena, oraindik ere haur asko etxera negarrez bueltatzen direla amari, eskolan “indio” deitu diotela esanez.

Hizkuntza da armarik indartsuena.

Ez al genituzke ohitura horiek aldatu behar? Guztiz beharrezkoa dela iruditzen zait. Horregatik ea Venezuelako hezkuntza kulturartekoa den galdetzean, Jorgek barre egiten zuen, izan ere “kulturartekotasun” hori indigenek bakarrik ikasten baitute. Zuriek ez al daukate ba indigenetatik ezer ikasi beharrik? “Guraso kreolek ez zuten entzun ere egin nahi euren seme-alabek pemoiera eta pemoien kultura ikasi behar zutenik, beraz, indigenentzat bakarrik beste eskola bat egitea eskatu zuten”. Nola lortuko da ba horrela benetako kulturartekotasuna? Noiz bukatuko dugu handiuste eta aurriritzi hauekin?

Sistemari bost arazo hauek. Horregatik benetako iraultza sistematik kanpo egin behar da, borroka egiteko arrazoia bultzatzen duen sistema suntsitu behar baita. Ezinezkoa da sistemaren barnetik hori dena alda daitekeela pentsatzea: barnera sartu eta bertan mantentzeko, sistemaren arauak jarraitu behar dira eta burua pixka bat lekutik ateraz gero, moztu egiten dizute. Erraza da beraientzat.

Horregatik kritikatzen ditu Jorgek zenbait erakunde. Horietako bat FIEB bera da (Federación Indígena del Estado Bolívar / Bolívar Estatuko Indigenen Federazioa); gobernuz kanpo lan egiten duela suposatzen da, bai, baina hala al da? “Denbora luzez eta gogor borroka egin duten indigenak izan dira, baina gobernuak kargu altu bat, dirua eta nolabaiteko boterea eskaini eta hauek onartu dutenetik, dena galdua izan da. Jokoan sartu dira! Hori mantendu nahi eta jada ez dira garai batean zirenak. Indigenek beraiek hori egiten badute, zer ez dute egingo, bada, indigenak ez direnek?”

EDELCAk (Electrificación del Caroní) eta CVGk (Corporación Venezolana de Guayana) pemoien alde hainbeste egiteak harrituta, horren zergatia galdetu genion kapitainari, izan ere Gran Sabanako elektrizitate dorreak beraienak batira eta urte batzuk lehenago izan ziren arazoak ikusita, benetan, ez da erraza hori ulertzea.

“Dena da gezurra. Dena itxurakeria. Indigenek, EDELCAren “laguntzak” kontutan hartuta, proiektuak aurkezten dizkiote honi eta enpresako aurrekontuetan sartzen dira” –gizarte lanak eginez gero inpostu gutxiago ordaindu behar-. Baina nora doa dirua? “Komunitate indigenetara ez da iristen behintzat”.

Azken urteotan indigenen gaia bolo-bolo dabil denon ahotan; zein puntutaraino inplikatzen gara ordea? Ez al da ba hori beste folklore mota bat? Aurpegia margoturik eta lumez apainduta dagoen indioarekin argazkia atera eta etxera joatea, ez al da ba gauza bera?

Nerea Leturia Nabaroa.

16) Santa Elena , Manak Krû , Manak Krû-ko eskola eta irakasle indigenen formazioa

Hizkuntza bat gehiago hitz egiten ez denean... bis

Santa Elenara iritsi ginenetik bertako kapitaina aurkitu nahi izan genuen. Udaletxera joan eta Jorge Gonzálezen bila hasi ginen, Sanata Elenatik gertu dagoen Manak Krü-ko komunitate pemoiko kapitaina. Zuzendaria den eskola bolivariarrean edo hospitalean egon beharko litzateke, izan ere txanpon bat irentsi zuen ikasle bat eramatera joan baitzen.

Jorge González xarma duen pemoi umoretsu eta atsegina da. Bere kulturataz harroa dago eta gaur egungo egoerari buruz jabe da: Santa Elena mugan egonda eta hiri nahiko berria izanik, biztanle mestizo eta zuri asko ditu eta pemoiera (hemen taurepan-a, izan ere pemoiera hiru dialektotan banatzen baita: taurepan, kamarakoto eta arekuna) geroz eta gutxiago hitz egiten baita, batez ere hizkuntza transmititu ez zaien haurren artean. Egoera honakoa da: haurrek ulertzen dute hizkuntza, baina pemoieraz egiten zaien bakoitzea, hauek gazteleraz erantzuten dute. Helduek, aldiz, ez dute pemoieraz dagoen egunkaria irakurtzen.

Kapitainak Manak Krü-n dagoen eskola katolikoa (kaputxinoek sortua) bisitatzera joateko esan zigun, bertako irakasle eta zuzendariarekin gaiari buruz hitz egiteko.

Manak Krü-ko eskola.

Hurrengo egunean 35 minutuko paseotxo bat eta Manak Krüko eskolatxoan ginen, hau Santa Elena kanpoaldean dagoen komunitate pemoia da (mendian “Manak Krü” ikus dezakegu idatzirik). Manak Krüra iritsi aurretik sekulako katedrala aurki daiteke, benetan ikaragarria. Hemengo eragin katolikoaren neurrikoa al da?

María Isabel Girón zuzendariak ongi hartu gintuen eta haur pemoien egoera oso ongi azaldu zigun: akulutrazioa, pixkanako asimilazioa. Gurasoek ez diote inongo garrantzirik ematen euren kulturaren aldeko mugimenduari: interes eza, gutxiago direnaren ustea, lotsa... Okerrena zera da: inguruko komunitateentzat Manak Krü dela adibidea. Zeren erreferentzia?

Gizarte okzidentalaren integrazioa elektrizitatearen erabilera, etxetxo politak, telebista, kablea eta reggaeton-aren bitartez? Integrazioa? Manak Krü kinka larrian dago...

Eskolan, hizkuntza eta kultur pemoieko klaseak daude (Saturnino Pinto irakasleak emanda). Espainolez izaten dira, noski. Delta bezala gertatzen da hemen ere. Zer gertatzen da, ordea, urrunago dauden lekuetan? San Franciscon hori saiatuko gara ikusten aurrerago. Zuzendariak hau dena atsekabez kontatzen zigun, geroaz hitz egiten saiatu ginen, posible diren gauzetaz... Euskal Herriko hasiera zailari buruz aritu gintzaizkion, batez ere iparraldekoa.

Otsailaren 17a: hizkuntza eta kultura autoktonoko irakasleen formakuntza.

Jorge González eta María Isabel eskolako zuzendariarekin egon ondoren, Unibertsitateak antolaturiko Kulturarteko Hezkuntza Elebiduneko irakasleen formakuntza kurtsoetara joan ginen. Bi gela daude eta, beraz, bi kurtso ezberdin ematen dira ordu berean: bata Jorge Gonzálezek emana, historia unibertsala eta bestea Saturnino Pintok, pemoien hizkuntza eta kultura. Saturninorena joan ginen gu.

Kurtso hau astean bi ordutan ematen da , irakasle ikasketen 5. seihilabetean (guztira 6 dira). Bertan alfabeto pemoia, dialektoak eta oinarriko aditz jokoa ikasten dira. Ikasleetako batek kurtso honen ordu kopuru urriaz kexatuko da, beharrezkoa, bestalde, hezkuntza mota honetan! Egia esan, ikasle hauetako oso gutxi dira pemoiak, baina denak izango dira hizkuntza hau irakasteko “gai” formakuntza kurtsoen ondoren (seihilabete batean!) edota oraintxe bertan, izan ere batzuk jada irakasten baitute.

Eskerrik asko Jorge González, Saturnino Pinto eta María Isabel Girón beraien laguntzagatik.

Audrey Hoc, Nereak itzulia.

17) AMA LURRA: INDIGENEN BURUKO MINA.

1. BURUKO MINA:ELEKTRIZITATE DORREAK.

Hasiera batean urrea eta harri bitxiak ziren –baita oraindik ere-eta, gaur egun, baliabide naturalak. Indigenek eduki zezaketen okerrena lurralde aberatsa edukitzea da. Hori dela eta etorri baitzen –eta oraindik dago- beraien buruko minen jatorria: gizon zuria.

Gran Sabanari dagokionez, azken urteetan sekulako borroka izan dute: elektrizitate dorre erraldoiek zeharkatzen dute erreserba guztia. Baina istorio hau orain dela hamar bat urtetatik dator, Caldera gobernuburu zelarik.

1997an Venezuelako gobrnuak Brasilgo gobernuarekin Guri-tik (Venezuela) Boa Vistara (Brasil) elektrizitatea eramateko hitzarmena sinatu zuen: zerbitzua Brasilentzat, irabaziak Venezuelarentzat.

Gran Sabana alde batetik bestera elektrizitate dorrez zeharkatzea suposatzen zuen horrek. Ezin zen: Gran Sabana parke nazionala zen. Konponbidea, hala ere, erraza izan zen: 1850 dekretua egin zen, nonlurraldea berriro kalizikatu zuten eta, hala, Imataca baso erreserba eta Kanaima Parke Nazionala ekonomi garapenerako leku bilakatu ziren.

Orduan hasi zen borroka, izan ere, lurralde honetan etnia ugari baitago: pemoiak, akawadoak, kari’nak, arawakoak... eta hauek Justiziako Gorte Gorenera jo zuten.

Giro honetan ezagutu zuten Chávezen ingurumenaren aldeko diskurtsoa, beraz, une hartako gobernuaren planen kontrakoa. Denek sinestu zuten bere hitzetan (hauteskunde kanpaina bete-betean) eta denek eman zioten botoa. Chávezek lortu zuen boterea eta...

...2000. urtean Imataca baso erreserban meatzeak irekitzeko baimenak eman zituen.

...2001. urtean Justiziako Auzitegi Gorenak indigenek eginiko salaketak bertan behera utzi zituen eta 1850 dekretua azpimarratu zuen (gogoratu urte batzuk lehenago Chávez honen aurka zegoela).

Emaitza: pemoiak elektrizitate dorreak botatzen hasi ziren eta gobernuak, bere indarra erakutsi asmoz edo, bolivariar armada bidali zuen gobernu iraultzaile bolivariarraren aurkako interesak defendatzeko asmoz.

Hildakoak, zaurituak eta presoak.

Abuztuan, armadaren etengabeko presentziari esker, lanak bukatu eta inauguratu zituzten.

Antilatifundistak? Antioligarkak?

Antinperialistak?

Sozialistak?

EDELCA-CVG-k kontrolatzen du prozesu hau. “Gizabidea, parte hartzea, errespetua, zintzotasuna, konpromisoa, konpetitibitatea eta bikaintasuna” dira enpresa honen baloreak.

Akzionisten onura ekonomikoa eta enpresaren balioa haztea da lehen helburua; baliabideen kudeaketa jasangarriaren bidez bezeroen asebetetzea eta herrialdearen garapena lortzea da bigarrena; “onura ekonomiko”, “balioa haztea”, “bezeroen asebetetzea” eta, batez ere, “herrialdearen garapena”, zer esan nahi dute zehazki hitz hauekin?

Hau ikusita, nola da posible EDELCA-CVG-k indigenei laguntzeko hainbeste interes edukitzea? Zeintzuk dira, bada, benetako interesak?

2. BURUKO MINA: GASBIDEA.

Eta, hori gutxi balitz, orain gasbidea.

Badirudi Chávezek jada esan duela bere telebista saioan (Aló, presidente), gasbideak elektrizitatea doan bide bera jarraituko duela, hau da, Kanaima Parke Nazionala eta Gran Sabanako komunitate indigenen lurrak zeharkatuko ditu, baina, oraingo honetan ere, inork ez die ezer galdetu (beraz, are gutxiago, zerbait eman).

Chávez, Lula eta Kischner ados jarri dira eta gasbidea Venezuela hegoaldetik hasita, Brasil zeharkatu eta Argentina iparralderaino joango da. 5 eta 7 urte bitartez eraikiko da, 17.000-20.000 milioi dolareko kostua izango du eta Venezuelatik egunero 100 milioi m³ aterako direla uste da.

Gasbide hau Santa Cruzetik (Bolivia) Rio de Janeiroraino dagoenarekin elkartuko dela suposatzen da.

“Latinoamerika batu bat posible da” diote gobernuburuek; zein da prezioa?

Nerea Leturia Nabaroa.

18) 2006ko otsailaren 20tik 25ra: Roraima.

Bost egunetako ibilaldia (normalean egiten diren seien ordez) gure poltsikotik eta Roraima (“berde-urdin jandia” pemoieraz) tepuy  (“mendizerra handia” pemoieraz) sakratura joateko sekulako gogoa genuelako: 2810 metrotako altuera, 72 km oinez, horietatik 36 2000 metrotik behera, 35 ordu oinez, 7 bat eguneko.

19) 2006ko otsailaren 25a eta 26a: Emakume indigena gazteen topaketa Santa Elenan.

Emakume indigena gazteen lehen topaketa Venezuelan: wayuu, warao, pemoi, Amazonaz estatuko indigenak, kariñak…

Antolaketa eta programazioa nahiko kaotikoak, lehena baitzen. Gonbidatuak 25eko eguardira arte ez ziren iritsi. Egia esan Zulia estatuko wayuu-entzat egun batzutako bidaia suposatzen zuen…

Ikertzaile, hizkuntzalari eta buruzagi indigenek hitz egin zuten topaketari hasiera emateko eta, ondoren, parte hartzaileak tailerretan lan egiteko bilu ziren. Manak-Krü komunitatean kultur gaua prestatua zuten beranduago.

Ordutegika errespetatu ez zituztenez ezin izan genuen ez tailerretara ezta kultur gaubelara joan ahal izan. Hala ere, gure lanerako ez zen hain garrantzitsua izan.

Hitzaldiak entzun ondoren eginiko hausnarketa batzuk:

-Indigena taldeen arteko eta barneko antolaketa eta elkartasuna.

-Buruzagi indigenei apaltasuna eskatu zitzaien.

-Kultur indigenekiko komunikabideek (publizitatea, telebista…) suposatzen duten “arriskuarekin” argi ibili beharra eta beraien kultur propioak suposatzen duten aberastasunaren garrantziaz eta, noski, hizkuntza hitz egin beharraz ohartaraztea!!!

Topaketa hauetan Chávezen politikaz hitz egin zuten eta baita goraipatu ere, izan ere bai Konstituzioa baita Indigenen Lege Organikoa aurrerakoiak iruditzen baitzaizkie.

20) 2006ko otsailaren 27tik martxoaren 2ra arte: Santa Elena, San Francisco de Yuruaní eta Kumarakapay komunitate indigena.

Santa Elena eta Jorge González.

Santa Elenan egon ginen azken egunetan Jorge González kapitainarekin hitz egitera joan ginen berriro, anekdota barregarri bat jontatuko digularik.

Egia da Gran Sabanan garraioarena arazo bat dela: garraio publikorik ez dago ia, edozein lekutara joateko taxia hartzera beharturik zaude eta Santa Elenatik 150 km baino gehiagotara dagoen nonbait joateko diru asko suposatzen du honek.

Hau dela eta hona hemen Jorge Gonzálezek taxi gidari batekin eduki zuena:

Jorgek, eskola orduak bukatu ondoren, Manak-Krü bere komunitatera (5 km-tara) bueltatu nahi zuen eta horretarako ezagutzen zuen taxi gidariarekin joan zen, bidaiaren zenbatekoa oso ongi ezagutzen zuelarik, noski (2000x2=4000).

Bidaia bukaturik, Jorgek 4000 bolivar eman zizkionm baina txoferrak bikoitza eskatzen zion: “Ez”, esan zion txoferrak, “8000 dira”; “4000 dira” erantzun zion Jorgek, “Hori da Manak-Krü-rako prezioa”. Txoferrak bere 8000 bolivarren zain geratu zen. “Ongi ba” esan zion Jorgek, “Jainkona sinesten al duzu?”, “bai” txoferrak erantzun, “oso ongi, beraz zuk nire lau milak nahi ez badituzu, Jainkoak ordain diezazula bidaia!”

Honek egunero pemoiek euren etxera, eskolara edota bileretara joateko dituzten tira-biren ideia bat eman dezake, baina denek, noski, ez dituzte Jorge gonzálezen ateraldiak.

San Francisco de Yuruaní, Kumarakapay komunitate indigena.

Roraimara joateko San Franciscotik pasa ginenean (Paraitepuy-ko bidean), zenbait pertsona ezagutzeko denbora izan genuen: sektoreko kapitainari baimena eskatu ondoren, herriko nekazal turismoko eskola teknikoko koordinatzailearekin egon ginen.

Beraz, San Franciscora itzuli ginen, Kumarakapay komunitate pemoiera.

Hemen, Santa Elenako Manak-Krün ez bezala, denek pemoieraz hitz egiten dute: zaharrek, helduek eta haurrek, inongo arazorik gabe. Hizkuntzaren transmisioa naturalki egiten da eta turismo bide guztiak han elkartzen direnez, ingeleraz zenbait hitz ere entzun ditzakezu: “Hello, what’s your name?”.

Hau ikusirik, guretzat oso interesgarria zen hango eskoletan gertatzen zena ikustea, izan ere pemoiaren aldeko egoera ikusten baita. Badirudi hemen gaztelera ikastea dela arazoa, haurrak ez daude hizkuntza hau hitz egitera ohiturik, nola egiten ote du eskolak berezitasun honi aurre egiteko orduan?

Gu iritsi ginen egunean, 28an, zoritxarrez, ez zegoen eskolarik, Iñauteri egunak ziren. Hala ere, San Franciscoko lehen mailako hezkuntzako eskolan, irakasleek matematika irakasteko ikastaro bat zuten. Zuzendariak eskolak gazteleraz zirela, baina pemoieraz ere egiten zirela azalpenak azaldu zigun. Pemoi kulturari buruzko klaseak ere ematen dira. Pena da ezin izan genuela gehiena pemoieraz ematen diren klase hauetara joan, guzti hau gure begiez ikusteko. Badirudi ez dagoela pemoiera bakarrik erabiltzen den klase ordurik.
Nekazal turismoko eskola teknikoko koordinatzailearen etxerantz joan ginen beraz, bertako lanari buruz eztabaidatu asmoz. Zoritxarrez, oso arduraturik zegoen eta ezin izan genuen berarekin hitz egin. Zela oso denbora gutxi Quebrada (ur jauzia) Pacheco-tik gertu pemoi baten gorpua aurkitu zuten. Badirudi erail egin zutela eta diru zenbatzaile venezuelar baten bahiketarekin loturik zegoela erailketa. Jorge Gonzálezek bazuen bere teoria: bere ustez pemoia leku desegokian eta une desegokian zegoenm hau da, zenbatzailea hil zuten une eta leku beran. Hiltzaileek, beraz beraientzat egokiena zena egin zuten: bapateko lekukoa desagertarazi behar zuten.

Pemoiak hasarrarazten dituena polizia eta agintarien interes eza da: ez galderarik, ez ikerketarik, batak besteari atxikitzen dio kontua…

Pemoiek errepide nagusia blokatuko duen mobilizazio bat egin nahi dute beraien hasarrea erakusteko asmoz… Hau mobilizazio eder baten adibidea izango da. Nahi izanez gero, honelakoak egin ditzakete aurrerago, beraien kultur eskubideen alde.

Hau zela eta, Santa Elenara pentsatu baino azkarrago bueltatu ginen eta, hala, gure material arazoak konpon ahal izateko…

Martxoaren 2an Venezuela atzean utzi genuen Brasilera sartzeko, Boa Vistara, Roraima estatuan.

Audrey Hoc, Nereak itzulia.

21) Venezuelako balantzea. 

Bataz besteko tenperatura : 26ºC.

Azpimarratzeko : harrera, venezuelarren jakinmina, garraiobidea (batzutan), Roraimako ibilaldia, Caracaseko Foro Soziala.

Ahazteko : populazioaren «amerikanizazio» handia, oso gaizki eta arriskutsuki gidatzen dute, turismoaren ondorio handiak, Foro Sozialeko antolaketa.

Elikadura : erdi mailakoa. Fruitu zuku onak. Kafea azukrearekin gehienetan eta kaxkarra.

Gastuak :       Lo egiteko : 10.000 bol./perts. (4 €).

                        Jateko :5000 bol/perts. (2 €).
                        Garraioa : ez da garestia, 600 km=30.000 bol, klase altuan (12€).

Orduak:          Autobusez: 53.

                        «Lancha»n: 11.

                        Oinez: 35 ordu 5 egunetan.

                       Hegazkinez: 0.

Hezkuntza/hizkuntza indigenak:

-Hasiera zaila: dena dago egiteko, gu egon garen lekuetan behintzat bai.

-Konstituzio ezin hobea baina bere aplikazioa oso erlatiboa da.

-Indigenen autoestima baxua, pasibitatea eta itxarotea.

-Venezuelan « kulturarteko hezkuntza elebiduna » deitzen dioten hori gazteleratik egiten diren bapateko itzulpenak direla konturatu gara. Hala ere, badira kultura indigena irakasten den klaseak (kantuak, artisautza).

-Material didaktiko falta, kulrurarteko irakasle elebidunen formazio kaxkarra.

-Hizkuntza indigenak desagertzeko arrisku handia dago. Dekulturalizazio handiak beste kultura bat hartzea buktzatzen ditu indigenak, kontrakoa ikus daitekeen leku isolatuetan izan ezik: hizkuntza indigena besterik ez dute hitz egiten.

                                             Audrey, Nereak itzulia.


Par amerikastola - Publié dans : BIDAI KONTAKETAK: VENEZUELA IV. 2006-II-13/III-02
Ecrire un commentaire - Voir les commentaires - Recommander

EGUTEGIA

Décembre 2009
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>

BERRIAK

2006/09/25: Perigueux-tik. Amerikastola dokumentalaren prestaketa (%50 egina) eta erakusketen egutegiaren antolaketa (begira Erakusketak zutabea). Lehen erakusketa Uztaritzeko liburutegian urriaren 16an eta lehen bideo-debatea urriaren 27an.

2006/07/31: Madriletik. Amerikastolaren bukaera: Limatik abiatzea Europaruntz eta euskal Herriruntz.

2006/07/23: Cuzcotik. Ande Zentralak zeharkatzean (5000 m arte)zentru garrnatzitsuak ezagutu ditugu, Huancayo eta Ayacucho bezala, baita ere Huancavelica bezala, interesgarria baina hotza.... Peruko gune pobre horretan populakuntzaren gehiengoak kitchtwa hitz egiten du. Duela bi egun Cuzcorat iritsi garela, inca hiriburu famatu horretarat, azkarki amerikanizatua den horretarat...Bihar, aguas Calienterat goaz, biharamunean Macchu Picchurat igotzeko.

2006/07/13: Satipotik. Liman bi egun pasa ondoren, Satiporat abiatu gara autobusez. Bide ohargarria: mendi idor eta izoztuetaik oihan tropikal erliebetsurat.  Ezagutzak eta elkarrizketak bertako Ashaninka eskola elebidun publikoekin, Gloriabamban eta San Juan de Panaman.  Bihar 3500 mko alturan dagoen Huancayoruntz goaz.

2006/07/07: Trujillotik.Eskualdeko kulturen ezagutza segitzen dugu: Moche kultura Chiclayon (Sipan) eta Chimu kultura Trujillon (Chan Chan). Igandean Liman izango gara Satiporako bidean...

2006/07/01: Cajamarcatik. Duela aste bat baino gehiago Iparraldeko ordoki goretan gaudela, Chachapoyas (aurre inka) populuaren historia eta kulturaz ikasteko. Gune arkeologiko batzuk  bisitatu ditugu Chachapoyas (Amazonas) eta Leymebamba ondoan: Kuelap eta Laguna de los Condores. Lamas eko ketxuekin iraganiko eztabaiden ondotik, "oporretan" gaude Satiporat iritsi arte uztailaren 10 inguruan (Selva zentrala). Han Ashaninkak ezagutuko ditugu. 

2006/06/19: Tarapototik hain zuzen (San Martin eskualdean). Iquitos eta gero Pucallparat itritsi ginen orduan, San francisco-ko Shipibo komunitaterat hain zuzen ere. Han bertan eztabaidak burutu ditugu eskolaren erakasleekin eta Yarinacocha-ko Instituto Pegagogikoaren formatzaileekin baita ere. Tarapoton duela gutxi ailegatuak gara eta bihar,Lamas- erat goaz, gertu dagoen ketxua komunitatearenganat.  

2006/06/13: Iquitos- en gaude (Perun) duela zonbait egun. Hiriaren ezagutza eta Formabiap zentruarekin baita ere: han gazteak formatzen dituzte haien komunitateetan erakas dezaten. Amagoia gurekin dago, 11an iritsi da, orain hiru gaituzue bidaian!! Puccalparat hegaldia ostegunean, 15an.  

2006/06/07: Urtebetetze on Nerea! Ekain hastapenetik Letician gaude, Kolonbian. Giro berezia eta oihan tropikal ugari. Ezagutzak eta elkarrizketak Witoto bertakoekin eta Benjamin Constant (Brasil)-en bizi diren Tikunas-ekin (OGPTB erakasle batekin hain zuzen ere). Denbora asko pasa dugu hemengo Unibertsitate zentraleko ikasle antropologoekin. Milesker Esti-ri, Durangoko euskaldunari! Iquitos era (Peru) goaz bihar goiz goizez.  

2006/05/29: Aste langilea Boa Vistan: gure lagun erakasleak berrikusi ditugu eta erakasle Wapichanekin hitz egin dugu. CCPY ONG aren proiektuaren berri ukan dugu: Yanomamiekin duten hezkuntza proiektuaz batez ere. Elkarrizketak elkarte honen zuzendariekin eta Yanomami erakasle eta boz eramaileekin. Artikulu bat idaztekotan dago. Ekainaren lehenean, muga hirukoitzerat ( Brasil-Kolobia-Peru) goaz.  

2006/05/22: Manaus en gaude, lagunen etxean. Atzo barrio cidade de deus eko Tikunas batzuekin elkartu gara eta eramaten duten bitarteko  hezkuntza proiektua aurkeztu digute.  Funai eta estatuak gutxi sustengatzen duen proiektua hiriko bertakoak baitira... Bihar Boa Vistarat goaz... 

2006/05/15:  Macapan huts egin ditugu gure NEI-ko kontaktuak ( duela 3 urte joan omen direla..). Santaremen egon ondoren, gaur hamaka  itsasuntzekin  berriz, Manauserat goaz ( 17 an han bertan izango gara).

2006/05/08:  Camopin erakasleekin eta Wayampi eta Teko bitartekari elebidunekin 6 egun pasa ondoren, Guiana Frantsesetik atera gara maiatzaren 5ean. Macapan gaude, Amapa estatu brasildarrean. Santaremera goaz, hamaka itsasuntziekin ( 2 eguneko bidaia).  

2006/04/28: Cayenne aldean gaude lagunen etxean. Ordenagailu berri batekin lanean gaude gure beranta harrapatzeko. Eztabaidak segitzen ditugu IUFM formatzaileekin, erakasleekin; kazetariekin. Igandean Camopi-runtz goaz, Daniel François erakasle kalina segituz (Camopin erakaslea).

2006/04/20:  Egonaldi bikaina igaro ondoan Atayumalaeren etxean ( eskerrak familia osoari!!), Amerindiarraren Egun Nazionalean geunden atzo Oiapoque ondoan (Brasilen, justu mugan), Awala Yalimapoko kalina gizatalde delegazioak gonbidaturik.

2006/04/07: Kourou ondotik eta Awala Yalimapon (mendebaldean, Surinam ondoan)kali'na gaizataldearekin  aste sakon bat pasa ondoren,  bihar Atayumalaeren etxera goaz : Maroni ibaian gaindi bizi den Wayana baten etxerat 8 egunerako (Antecume Patarat, Maripasoula hegoaldean kokatua dena, lurralde zainduan)..

2006/03/23: Guiana Frantsesean gaude; Kourou-n, Hego amerikan kokatua den europear;frantses lurralde horretan. Lehen eztabaidak, gogoetak. Lehen hitzorduak Kouroun aurreikusiak , Amerindiar herixkan eta Oka Mag aldizkariarekin.

2006/03/15:: Brasil, Fortaleza ( Boa Vistatik hegazkina hartu dugu Belemerat joateko, eta handik Fortalezaraino). Miren Uriberen etxea gaude, duela 15 urte Brasilen bizi den euskaldun baten etxean beraz. Pitaguary gizataldearekin ezagutzak, Ceara eskualdeko autoktonoak.  Kostaldean bizi izanik, haien hizkuntza, tupi-a, duela 200 urte baino gehiago galdu dute. Amerikastolari buruzko artikulu bat aterako da Brasilgoko El Povo kazetan.

2006/03/06: Brasil, Boa Vista, Roraimako Unibertsitate Federala. Ezagutzak macuxi, wapichana erakasleekin, historiako erakasle batzuekin baita ere, oso impikatuak direnak autoktonoei buruzko eztabaidetan. FUNAI aren baimenaren beha gaude, ekainean, komunitate batean  egun zonbait pasatzeko. Irratian emankizun bat grabatu dugu: Monte Roraima 107.4 FM.

2006/02/26:  Emazte Gazte Indigenen bilketa Santa Elenan.  Roraima tepuyaren ibilalditik sartzen gara (5 egun). Oraindik zonbait egun Gran Sabanan eta ondotik,  Brasilerat goaz ( Boa Vista). 

2006/02/18:  Santa Elenan gaude, Gran Sabanan, Brasilgoko mugatik 15 kilometrotan.  Mana kru Pemoi komunitatearen kapitainarekin  elgarrizketak  burutu ditugu eta baita ere, bertako eskolaren erakasleekin. Proiektuak: San Franciscorat joan eta inguruetarat, eta Roraima tepuyaren ibilaldia. 

2006/02/13: Ciudad Guayanan, Puerto Ordaz en, zonbai egunetako egonaldia Villarroel familiaren etxean. Zonbait egun pasa ditugu Orinoke deltan, Tucupitan eta Curiapon, ibai gainean dagoen herrixka batean,  herri hurbilenetik 7 ordutan kokaturik . Esperientzi interesgarria.

2006/02/03: Duela zonbait egun Ciudad Bolivar-en gaude, hemen pemoi komunitate baten eskola bisitatu dugu. Bihar Ciudad Guyanara goaz. Gure materiala ( ordenagailua eta argazki makina) gaizki doaz, horrek erran nahi du zailtasum gehiagorekin segituko dugula bloga osatzen, denbora gehiago beharko dugu....

2006/01/27: Amerikastola Caracaserat itzuli da, Munduko Foro Sozialan parte hartzeko. Itsasbela beharbada Orinoke aldean berriz topatuko dugu. 29 a arte Caracas aldean gaude, gero Ciudad Bolivarerat joateko.

2006/01/18: Cumana inguruan gaude. Lau egun pasa ditugu Laguna Granden, ondoko toki zoragarri batean. Laster bela utziko dugu Orinoken bidea segitzeko,  Warao-en ganat joateko.

2006/01/09: Ongi iritsiak Caracas-erat!! Karrek Ven beilan gaude gaurtik goiti Cumana aldean...........Aldaketak beharbada: Orinoke ibaiaren ordez, beharbada Gran Sabana eskualderat lurrezko garraioekin.

2005/12/12: Aldaketa: Abiatzea Caracas-erat 2006ko Urtarrilaren 4ean! Pesta on deneri!

2005/11/15: Urtebetetze on Sophie! Oparitzat, Gazte desafioaren diru laguntzaren lorpena! Aupa! 

2005/10/26: Amerikastolaren abiatzea Abenduaren 28an ( Parise-Caracas). Milesker Afat bidaiak eta Air France!  

2005/10/08 eta 09:  Mans-eko liburu azokan ezagutzak eta eztabaidak. Aurten Amazonia zen tematika nagusia.

2005/ 09/12: Amerikastola blogaren sortzea

2005/O7/23 :Amazoniar Ipuien gaualdia Verniolle-n ( Ariege-n) antolatua elkartearen sustengatzeko
2005/ 07/03: Amerikastola EHZ festibaleko elkartasun herrixkan

2005/ 05/30: Diru bila....

2005/05/09 :Traits d'Union elkartearen sortzea

2005/05/02: Amerikastola proiektuaren sortzea

ARGAZKIAK

 

Amerikastolaren argazkien begiratzeko, helbide horretara joan:

http://spaces.msn.com/amerikastola/PersonalSpace.aspx?_c02_owner=1

 

Créer un blog sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus