BIDAI KONTAKETAK: VENEZUELA III. 2006-II-01/II-13

Vendredi 10 mars 2006 5 10 /03 /2006 02:28
8) 2006ko otsailaren 1etik 3ra bitarte: Ciudad Bolívar (Bolívar estatua), FIEB eta Itoy Ponkon komunitate indigena.

 
 

FIEBekin solasaldia(Federación de Indígenas del Estado Bolívar, Bolívar Estatuko Indigenen Federzioa).

1) Jerrick Andre-rekin solasaldia: harremanetako arduraduna.

FIEB 1971an sortu zen Bolívar estatuko indigenak euren zonak hustiatu nahi zituzten enpresen interesetatik babestu eta mehatxu hau mozteko helburuarekin.

Bolívar estatuan 18 etnia baino gehiago daude. Gaur egun, borroka lurrak eta indigenen habitata mugatzean datza.

Badirudi indigenen errekonozimendu prozesu honetan zenbait arrakasta lortu direla, beraien nortasun agirian (cédula) etnia autoktono bateko partaidetzat identifikatuak egotearena, adibidez.Hala da, cédulan zein talde etnikokoak diren azaltzen da (Jerrick-enean pemoia dela jartzen du).

Kulturarteko hezkuntza elebiduna.

Jerrickek galdera asko egiten dizkio bere buruari hezkuntza mota honi buruz. Zergatik bultzatuko du gobernuak mota honetako hezkuntza? Zein da interesa?Zer ezkutatzen du proposamen honek?

Jerrickentzat ideia hau Estatuaren interesen aurkakoa da, konstituzioaren 126. artikuluak Estatua bakarra eta banezina dela dio, « Venezuelan ez dago indiorik », atsegin du esatea Chávezek.

Venezuelan gisa honetako hezkuntza bere hastapenean dago: gaur egun oraindik ere saiakera batzuk besterik ez dira egin... eta hauei material asko falta zaie: liburuak, lan metodoak, hiztegiak, hizkuntza indigenan, noski!

Ondorioz, irakasleek askotan euren hizkuntza indigena ez menperatzea suposatzen du horrek.

Gainera, idazkera ez dago normalizatua eta honek transkripzio eta liburuen argitalpenerako arazo bat suposatzen du. Oraindik, beraz, lan asko dago egiteko pemoieraren ikerketan hain zuzen ere.

2) FIEBeko presidentearekin elkarrizketa :

Gizon hau 19 urte baino gehiagoz izan da presidente eta zortea izan dugu berarekin gurutzatzean, izan ere, askotan, bidaian baitago.

67. kilometroko San Miguel de Betaniako hezkuntz proiektuari buruz hitz egin zigun: Pemoien Hezkuntz Priektu Integrala.

Aldeko duten legediaz baliatuz, hango pemoi talde batek eskola bat sortzea erabaki zuen, bertan indigenen kultura eta betiko eskola uztartuko zituztelarik : Hezkuntza, Ekonomia eta Espiritualtasuna (Educación, Economía y Espiritualidad, « las tres E »). Hezkuntza formakuntza bat izango litzateke eta ez formakuntza hezkuntza bat.

Jakin gabe, proiektu honetako beste sortzaile bat ezagutzeko aukera izan genuen Caracaseko Foroan : Freddy Bolívar.

Ikastetxe hauetan gazteek, besteak beste, maniokaren fermentazioaren prozesua ikasten dute.

Presidenteak zenbait aldaketa egon zirela aitortu zigun, badirudi hauek gobernuaren presioa dela eta eman zirela. Dena hasten dago, dena eraikitzeko.

Zailtasunik handiena hizkuntza pemoiari buruzko ikerketa sakonik ez egotean datza ; normalizaziorik gabe, hizkuntza bat eskola prozesuan integratzea zaila da.

Hezkuntza prozesu hau bisitatzen saiatuko gara, baina ohiko garraiobideak erabiliz ez da lan xamurra izango.

Itoy Ponkon pemoi komunitatearen eskolari bisita (Ciudad Bolívar).

Itoy Ponkon pemoi komunitatea Ciudad Bolívarren dago, indigenak denak batera bizi zitezen estatuak utzitako lur sail batean hain zuzen ere. Ciudad Bolívarreko periferian dago kokatua, errepide ondoan eta gehienek Churuata izenez ezagutzen dute («churuata» indigenek belarrezko teilatuaz egiten dituzten etxola da).

Jerrickek eraman gintuen eta eskolaraino lagundu zigun.

Eskola hau 2003z geroztik dago eta kulturarteko eskola elebidunen barnean sartuko litzateke : izena Kuranau Kulturarteko Eskola Elebiduna du.

5 eta 11 urte bitarteko 36-41 bat ikasle daude, eskolak astelehenetik ostiralera ematen dira, goizez, 7:30etatik 12:30ak arte (bai, tropikoan gaude!).

Bi irakaslek zuzentzen dute klasea: buru egiten duena 35 urte dituen emakumea da : Rogelia Ochoa eta laguntzailea Cristóbal da eta pemoien kultura ongi ezagutzen duen gizona da.

Eskolak gazteleraz ematen dira eta, ahal duen heinean, Rogeliak pemoierara itzultzen du esandakoa. Han ere, kulturarteko hezkuntza elebidunaren prozesua bidean dago oraindik. Dena egiteko dago eta irakasleei dena falta zaie.

Irakasle hauek oso ongi hartu gintuzten, izan ere irakasle gazte eta euskaldunak baikara (Euskal Herriko egoera azaldu genien), beraz egonaldia azkar pasa zitzaigun.

Euren arazoez hitz egin nahi izan zuten gurekin, batez ere eskola materialari buruz.

 Lehenik eta behin, eskla bera, eraikuntza, ez dago bukatua. Ez dago hertsirik eta segurtasun eza handia da haurrentzat.

Bestalde, Konstituzioan defendatzen diren haurren eskubideak ez dira errespetatzen. Eskola bolivariar guztiek, publikoak beraz, haurrentzako elikagaiak eduki beharko lituzkete, baina dirua oso urria da beharrak asetzeko.

Gainera, garbitasun azpiegiturak falta dira (konketa eta komunak). Eta, bukatzeko, eskola materiala: ez dute arbelik ezta libururik ere... eta pemoieraz idatziriko liburuez hitz egitea ezinezkoa da! Ez daude edota oso gutxi dira daudenak.

Eskerrik asko Rogelia eta Cristóbali egindako harrerarengatik.

Audreyk, Ciudad Bolívarren, 2006ko otsailaren 8an. Nereak itzulia.

9) 2006ko otsailaren 4tik 8ra: CIUDAD GUAYANA, PUERTO ORDAZ.

Puerto Ordazen zenbait egun lasai, familia batean, gure blogak cybercafeetan eguneratu eta gure argazkiak CD batera pasatzeko. Orinokoren deltan dagoen Tucupitara joateko kontaktuak biltzen.

                        Audrey, Puerto Ordaz, 2006ko otsailaren 8an. Nereak itzulia. 

10) ETA ONDOREN ZER? NUEVAS TRIBUS VENEZUELAN.

Lehen konkistatzaileekin batera gurutzeak etorri ziren Ameriketara eta egin ziren guztiak bertakoentzat guztiz ezezaguna zen jainko baten izenean egin zituen gizon zuriak. Handik aurrera misioak nonahi sortu zituzten, hauek helburutzat ebanjelizazioa zuten arren mendebaldeko beste mila ohitura ekarri zituzten: idazkera eta, honekin batera, eskolak (inka, azteka eta maiek ezagutzen zituzten baina beste lekuetako indigena askok ez).

Gaur egun oso zaila da idazkerarik ez duen zibilizazio bat ulertzea, izan badira, baina hauek ere pixkanaka-pixkanaka ari dira idatzizko komunikazioan barneratzen.

Yanomamiek (Venezuela hego ekialde eta Brasilgo ipar mendebaldean) ez zuten ulertzen nola orrian marrazturiko sinbolotxoak soinu bihur zitezkeen: ulertezina beraientzat. Baina gaur egun euren hizkuntza iadzten dute, ez zaie arrotz egiten, hala kontatzen zigun hauekin Pariman hamar urtez lanean egon den Doris de Matheus-ek.

Venezuelako lurralde indigenetan kulturarteko hezkuntza elebidunaz hitz egiten da. Hitzek dioten bezala kontaktuan dauden bi kultura (kasu honetan zuriena eta indigenena) eta bi hizkuntzak erabiltzean datza (gaztelera eta lekuko hizkuntza indigena), hala, euren kultura –eta askotan baita hizkuntza ere- galdurik duten indigenek, berriro ere, nola hala berreskura dezakete.

Baina formula hau ez da inola er magikoa indigena guztientzat: Amazoniako indigena gehienen kasua da hau, hala azpimarratzen zuten bai Dorisek, Maruetan (Ventuarí ibaiertzean, Puerto Ayacuchotik ordubetera) macoekin (Amazonas estatuko iparraldean, Venezuela hegoaldean) denbora oso luzez lan egin duen Elvia Ulacio-k, baita yanomamiekin lanean lanean aritutako Josefina Giménez-ek ere.

Gaur egun yanomamiak euren betiko lurraldean bizi dira, betiko lanak egiten dituzte, kantak abestu eta dantzak dantzatu. Beraien kultura oso ongi ezagutzen dute eta ez folklore gisa besterik. Eskolan, beraz, zertarako ikasi saskiak nola egin? Badakite. Dantza eta kantuek zer esanahi duten? Badakite.

Hala ere, egunero guraso, anai-arreba, seme-alaba eta lagunekin beraien hizkuntza propioa hitz egiteak ez du esan nahi, eskolak euren hizkuntzan jaso behar ez dituztenik. Hau da, eskolak elebidun izan behar du.

Dorisek yanomamieraz ematen zizkien klaseak ondoren beraien komunitateetan irakasle izango ziren yanomamiei -hezkuntza promotoreak-, hauek inork bainoa hobeto baitakite beraien bizimodurako zein den ordutegirik hoberena. Elvia, aldiz, bera zen haur eta nerabeen irakasle eta bertako hizkuntza indigena eta gaztelera erabiltzen zituen ikasgaietan.

Bi emakume hauek hizkuntza indigenak ikasi behar izan zituzten komunitateetara joan aurretik. Hizkuntza ez ezik «euren ohiturak eta kosmobisioa ezagutzea beharrezkoa da», dio Dorisek.

Doris, Elvia eta Josefinak beraien bizitzetako denbora luzea igaro dute indigenen artean, hauen bizi maila hobetu nahirik. Hemendik aurrera ezingo dute lan gehiagorik egin. Ez orain arte bezala behintzat. Izan ere, Nuevas Tribus izeneko talde misiolari ebangelistan baitzeuden eta Chávezek galarazi egin die zeuden lekuetan egotea: venezuelarrak direnak herrialdean gera daitezke, noski; baina estatubatuarrek Venezuela utzi beharko dute (hasiera batean emandako hiru hilabeteak otsailaren 14ean bukatu ziren).

Argi dago Nuevas Tribusen lehen helburua ebangelizatzea zela (misio bat da azken finean ) eta lehen -eta oraindik ere- katolikoek, eta dela berrogei bat urtetatik ebangelikoek, helburu horri jarraituz, indigenen mundua guztiz ezagutu nahi izan dute: lehenik hizkuntza eta ondoren kultura eta bizimodua. Mundu guztian zehar gauza bera gertatu da:

[...] garai batean mezak nyul nyul hizkuntzan egiten zirela gogoratzen dut, baina erlijio arrazoiengatik eta gure herria euren bizimodura ohitzeko bakarrik zen. Ez zen gure kultura edo identitatea mantentzeko, doktrinak eta kristau pentsakera jendearen hizkuntzara itzaultzeko eta, hala, hauek irabazteko baizik. Eta, azkenean, hori gertatu zen, izan ere, gaur egun, Beagle Bay-en oso jende gutxik hizt egiten baitu nyul nyul-eraz, baina denek ezagutzen dituzte Jainko kristaua, Maria, Jesus eta horrelakoak.1

Nuevas Tribusen kasua, hala ere, hurrunago doa -hurrunago joaterik badago- Chávezen ustez; izan ere kristau ebangelikoak AEBetatik baitatoz eta horrek koronela erne jarrarazten du -AEBetatik datozen eliza asko ari dira sartzen Latinoamerikan azken urteotan-. Igaro den uda honetan AEBetako eliza ebangelikoaren buru egiten duen artzainetariko batek, Pat Robertsonek hain zuzen ere, bere telebista katean Chávez bere postutik kendu behar zela eta errazena tiroz akabatzea zela esan zuen inongo diplomaziarik gabe. Eliza ebangelikoko artzaina!! Jessie Jacksonek artzain famatuak, egoera baretu nahian, Chávezengana espreski barkamena eskatzera joan arren, honek Estatu Batuekiko zuen harremana, lehen txarra bazen, honekin ez zen hobetu inola ere.

Badirudi Venezuelaren bihotzean zeuden Nuevas Tribus hauek CIAri informazioa pasatzen egongo liratekeela eta hori da Chávezek herrialdetik bidali izanaren zergatia. Baina indigenei inork ez die galdetu zer nahi duten edota zer pentsatzen duten. Ez al da ba beraien lurraldea?

Egia da misio eta GKE ororen azken helburua desagertzea izan beharkolitzatekeela: gobernuak edota komunitateek beraiek bakarrik hauek egiten zuten lana egiteko gai izango bailirateke. Baina, kasu honetan, Venezuelako gobernua gai izango ote da edo, hobe esanda, nahiko al du misio hauek egiten zutenaren kargu egin? Yanomamiena bezalako gizarte batentzat ez du orain arte leku askotara eraman izan den alfabetizazio sistema bera eramateak balio; telebista, bideaoa eta emakume kubatar bat -gazteleraz noski- nola idatzi irakatsiz?

Nuevas Tribus hauek CIArekin zeuden? Ez dakit. Hori egia izanda Chávezek ongi egin zuen? Logikoa behintzat bada. Baina, ebangelizazioa eta informazio pasatzearen aukera hori alde batera utziz, beste lan garrantzitsuak egiten zituztela argi dago (bertan lan egiten ari ziren hiru emakume hauentzat bai behintzat).

Noiz hartuko ditu gain gobernuak bere betebeharrak Amazonasen? Espero dut beste zazpi urte behar ez izatea.


Nerea Leturia Nabaroa.

11) Hezkuntza eta ebanjelizazioa: paradoxa? Pedagogia interesatu bati buruzko hausnarketa.

Idazkera eta ahozko gizateak.

Esperientzia interesgarria izan da emakume misiolari « irakasle » hauek ezagutzea. Asko ikasi dugu.

Emakume hauen esperientzia izugarria da: denbora gehien eman dutenak 13 urtez ibili dira lanean nahiko baldintza txarretan (bero hezea, eltxoak, malaria arriskua…).

Indigenek beraien etorrera eta idazkeraren aurrean edukitako jarrera nolakoa izan zen galdetu genienean, erantzuna aho batez eman zuten: emakume izateagatik errespetatua izan behar dela ulertaraztea ez da gauza erraza (emakume bat bakarrik egotea ez dago beraien ohituretan).

Idazkerak jakinmina eraman zuen, jakintza benetan bitxia hura! Ia magikoa! Dorisek anekdota hau kontatu zigun:

Misiolari bikote bat komunitate batean bizi ziren: gizona lanean ari zen urrunago, oihanean, eta emakumea etxean, komunitatean bertan. Andreak bazkaria prestatu zuenean senarra ohartarazi nahi zuen. Yanomami gazte bat handik gertu zebilen eta emakumeak zera esan zion:

-Jorgeri mezu hau emango al zenioke, mesedez?

-Bai, eta zer gertatuko da, bada? Galdetu zuen yanomami gazteak mezu kodifikatua aztertzen zuen bitartean.

-Bazkaltzera etorriko da, dena prest dagoela esaten baitiot.

-Ziur al zaude?

-Bai, noski.

Gazteak bi kilometro baino gehiagotara zegoen senarrari mezua ematen dio; senarrak egingo zuenaren zain geratzen da. Senarrak mezua irakurtzen du.

-Zer egin behar duzu orain ? Galdetzen dio yanomami gazteak.

-Etxera noa bazkaltzera. Nire emazteak deitzen dit.

Yanomami gaztea zer egin ez zekiela geratu zen inkripzio ezezagunen botere magikoaren aurrean.

Anekdota honek ongi erakusten du guztiz ahozkoak diren gizarteetan idazkerak suposatzen duena. Batzuetan izaera magikoak liluratzen baditu ere, besteetan ez dute ulertzen zurien etengabe idazteko behar hori… Zergatik idatzi hitz egin dezakegunean? Beraientzat idazkera “mezu marraztua“ da eta, ondorioz, sekula ezingo du “ahozko mezuaren“ lekua hartu. (Jon Landaburu, Repenser l’école).

Erlijioen gerra.

Emakume misiolari hauen hezkuntza lana ez da Estatuko programetan dagoen Kulturarteko Hezkuntza Elebidunaren barnean sartzen. Hau misiolarien zenbait eskolaren kasua izan daiteke, adibidez, Esmeraldan dagoen yanomamien misio katolikoa, Amazonas estatuan. Hau Venezuela eta katolizismoaren arteko lotura estua dela eta azal daiteke. Maco-ek ere badute eskola publiko bat, Elvia lana egiten duena hain zuzen ere.

Elvia eta Dorisen ustez, bi estruktura hauek autoktonoen kulturak errespetatzetik urrun daude, ez dira oso sinesgarriak. Pena da hara joan ezin izana! Hala ere, egungo egoera ikusita osos zaila izango litzateke, batez ere zuriak izanda!

Dorisek beste arazo bat gehitu zuen misio katolikoen harira: urruntasuna. Egia da Yanomami askok sekula ez lituzketela euren haurrak hain urrutiraino eramango, Esmeraldaraino hain zuzen ere, tribuen arteko ezinikusiak direla eta arriskutsua izango bailitzateke. Pentsatu ere ez. Eskola beraiengan joatea beharrezkoa da. Eta hau da Nuevas Tribuseko emakume hauek egiten dutena.

Egokituriko hezkuntza elebiduna.

Hezkuntzari berari dagokionez, Dorisek arazo garrantzitsu bat azpimarratu zuen: nola esleitu Kulturarteko Hezkuntza Elebiduna? Nereak gogorarazi duen bezala, yanomamiek ez dute beraien kultura ikasi nahi. Normala da, eguneroko bizitzan erabiltzen dute, ez dute ikasi beharrik! Beraiek eskatzen dutena « besteen » hizkuntza ikastea da, besteak ulertu eta beraien buruak hobeto babestu ahal izateko. Kontuz, yanomamiei buruz hitz egiten ari gara, kanpoko mundutik ia guztiz isolatu eta babesturik dagoen gizarteei buruz. Kontua aldatu egiten da mundu okzidentalarekin etengabeko kontaktuan dauden gizarteen kasuan, non haurrek, askotan, euren zaharren kultur eta hizkuntza galdu dituzten (ikus « Aurrekoak »).

Kulturarteko Hezkuntza Elebiduna, beraz, inongo dudarik gabe, egoera ezberdinen arabera egokitu beharko da, betiere, indigenen eskaerei kasu egiten. Adibidez:

  1. Zibilizazio okzidentalarekin kontaktu gutxi duten indigena isolatuen kasua (yanomamiak).

    • Hizkuntza indigenan irakurketa eta idazkera.

    • Espainieraz irakurketa eta idakzera.

    • Beste gai batzuk hizkuntza indigenaz/espainieraz.

  2. Zibilizazio okzidentalarekin erdi mailako kontaktua duten indigenen kasua.

Gutxi gora-behera prozedura berdina kultura eta kosmogonia indigena sartuz. Hizkuntza indigenan emaniko gai gehiago egon daitezke, egunerokotasunean Estatuko hizkuntza ofiziala gertu badute (telebista, irrati, herrian bertan...).

  1. Zibilizazio okzidentalarekin etengabeko kontaktua duten indigenen kasua.

    • Hizkuntza indigenean irakurketa eta idazkera: errekuperazio prozesua? Edo, lehendabizi, espainieraz? Aukeraturiko ereduaren araberakoa da.

    • Beste hizkuntza ikastea.

    • Beste gaiak hizkuntza indigenean edo espainieraz, aukeraturiko ereduaren arabera.

    • Kultur eta kosmogonia indigena kurtsoak. Tokian bertan, praktika tradizionalak.

Misioak: erlijiotik zer?

Nuevas Tribusen arazoa alde batera utzita, komunitate isolatu hauetan egotearen zergatia jakin nahi izan dugu (CIArentzat lana egiten dutela alde batera utzita). Argi dagoena beraientzat ebanjelizazioa dela helburua, baina euren erlijioa hartuko luketen jende kopurua kontutan hartu gabe (Dorisek dioenez konbertsioa ez da beharrezkoa, nahi badute ongi ez badute nahi berdin da), zergatik egon han? Lurralde batean daudela azpimarratzeko izan daiteke: «hau nirea da»; euren lurraldeetan bandera bat jartzearen pareko izango litzateke, estatubatuarren antzera: «hemen nago, nirea da», Chávezen erreakzio erradikala ulertzekoa da, beraz. Bertan egoteak tokiko baliabideekiko eskubideak edukitzea zilegi izango litzateke (eta Jainkoak badaki asko direla!). Itxaron… Eta, honen eraginez, baliabide hauek lortzeko ekintza ez oso kristauak burutu daitezke. Pentsamenduak besterik ez dira, noski, baina Isabel Allenderen La ciudad de los dioses salvajes liburua ekartzen dit burura; bertan, txertu kanpaina baten bitartez indigena talde bat desagertarazteko asmoa kontatzen da... hori guztia euren lur eta aberastasunak edukitzeko. Osasun kanpaina bat da hemen kontatzen dena, baina zergatik ez litzateke, bada, posible izango misio baten izenpean?

Hala ere, Nereak bezala, emakume hauen alfabetizazio lan handia azpimarratu nahiko nuke; materialik ez zutenez, beraiek egin behar izan zuten dena hizkuntza indigena ikasi ondoren (yanomami eta warao hizkuntzan metodo batzuk lortu genituen). Nuevas Tribusen laneko bi faseen artean (1: alfabetizazioa, 2: ebanjelizazioa, Biblia), lehena oso interesgarria iruditzen zait: sekulako lana!

Eskerrik asko Doris, Elvia eta Josefinari beraien laguntzagatik.

Audrey, Nereak itzulia.

12) 2006ko otsailaren 10a, Tucupita: Plangintza Publikorako Kontseiluen legearen informazio bilera.

Tucupitako udal liburutegian Venezuelako Gobernuak antolaturiko bilera batera joan ginen otsailaren 10ean, 14:00etan. Batez ere, amerindiarrei zuzenduriko bilera zen hura, waraoei bereziki, handik gutxira botatu behar zuten Kontseilu Lokalen Legearen berrikuspenari buruz informatzeko.

“Herriak bizitza publikoan parte hartu behar du”, hau da Asanblada Nazionalak aurkezten zuen lema. “Herriari zilegi zaion autogestio eta erabaki eskubidea emateko bide bat da lege hau”.

Bilera honako hau ondorioztatu zuten: “Herriak konstituzioa ezagutu behar du, beharrezkoa da eta, horregatik, bakoitzak bere hizkuntzan izan dezan, hizkuntza amerindiarretara itzuliko da. Jada wayuu eta pemoieraz daude eta, laster, waraoz izango da”, azaldu zuen Delta Amacurolo ordezkari waraoa den Daylak.

Bilera honetan zenbait waraok gobernuak amerindiarren lurren demarkazioaren gaiarekiko duen pasibitatea salatu zuten. Indigenak elkarte eta federaziotan antolatzen diren arren, oraindik, ez dela ezer egin esaten zuten, gobernuak argudiatzen zuenari erantzunez: “antolatzen bazarete dena konponduko da”.

Estatuko bi ordezkariek ez zuten inongo unean lotsa begirada jaitsi, egoera normala da beraientzat, izan ere prozesua hasten ari baita... eta IV. Errepublikako lege zaharkituak aldatzeko garaia dela uste dute! Aurrera egiteko berrikuspena beharrezkoa da, baina jada badira 7 urte prozesua hasi zela...

Bilerako zati filmatu nuen. Ordezkarieatako batek hori ez egiteko eskatu zidan. Bi minutu beranduago, ea estatubatuarrak ginen galdetu zigun. “Ez, ez gara estatubatuarrak. -Holandarrak, ingelesak?- Ez. Euskaldunak gara. -A! Frantsesak!- Ez, euskaldunak”.

Une hartan txalo zaparrada bat jaso genuen eta elkarrizketan parte hartzera gonbidatu gintuzten. Bilera ondoren, ez filmatzearen zergatia galdetu nionean, “Ez, nik ez dizut ez filmatzeko eskatu! Gaizki ulertuko zenuen. Bihar etorri eta nahi duzuen guztia filmatzera gonbidatzen zaituztet”. Benetan. Nuevas Tribus gaia dela eta (ikus aurreko artikulua), estatubatuarrak ginela uste izatera eraman zuen. Baina, non dago, beraz, adierazpen-askatasuna? Euskaldunak izanda ongi, baina, eta estatubatuarrak izanda ez?

Bileran emandako dokumentazioa:

Chávezen gobernuko 2005eko balantza:

Aurrera eramandako misioak:

  1. RIBAS: bigarren mailako hezkuntzako ikasleentzako.

  2. SUCRE.
  • ROBINSON 1: Analfabetismoa guztiz konpondu omen da Venezuelan. 1.482.543 pertsonek eman dute izena.

  • MERCAL: elikaduraz arduratzen da. 1.270.000 pertsonek gosari, bazkari eta afaria jasotzen dute horretaz arduratzen diren etxeetan.

  • HÁBITAT Y VIVIENDA.

  • CULTURA.
  • GUAICAIPURO: 21 lur kolektibo titulu eman dira, 67.000 hektarea 142.000 amerindiarrentzat gorde dira.

  • BARRIO ADENTRO: 159.000 mediku bisita.

  • MILAGRO: 150.000 pertsona operatu Cuban.

  • ZAMORA Y PIAR: nekazaritza.

  • VUELVAN CARAS: kooperatibak.

Gobernu bolivariarrak 6 urtetan (1999-2005) 569.000 pentsio banatu ditu, 80.000 onuradun urtean. 1977-1988 urte bitartean, pentsiodunak 18.000 ziren urtean.

Amerindiarren eskubideei buruzko Konstituzioaren berrikuspena.

2005eko abenduaren 27an, herri eta komunitate autoktonoen lege organikoa hamar bat lege izatetik 166 izatera pasatu zen.

Hala ere, lurraldetasunari dagokionez, subiranotasun venezuelarra denen gainetik dagoen artikukua mantentzan da oraindik.

Audrey, Nereak itzulia.

13) 2006-II-8 eta 9, Tucupita. 2006-II-10etik 12ra, Curiapo.

UREZKO ERREPIDEAK: ORINOKOREN DELTA.

Puerto Ordazen ekipaje lodiena utzi eta motxila txiki bana hartuta Tucupitarantz abiatu ginen gure hasierako planarekin jarraituz. Gainera, ostiralean indigenen bilkura bat zegoela jakin genuen eta hura izan zen Delta Amacuroko hiriburura heltzeko bigarren arrazoia.

Autobusa San Félixen (Puerto Ordazekin batera Ciudad Guayana osatzen duena) ordubiak eta erdietan hartu behar genuen, baina tramankulu zahar hura berandu etorri zen, noski. Berandu etorri eta berandu atera; «chalana» (auto nahiz pertsonak garraiatzen dituen baltsa) hartzerako laurak ziren eta Orinoko eta Caroní ibaiak bat egiten duten lekua, baten ur marroia eta bestearen beltza batera, baina ez nahasirik, doazen ibaitzarra zeharkatzeko ordubete pasa genuen. Ondorioz, Tucupitara jada ilunduta sartu ginen.

Orinokoren deltaren adar batean kokatzen da hiritxoa eta ibaia errepide delarik bertako herrixka eta komunitateetarantz joateko abiapuntu garrantzitsua da.

Ibaiaren alde batean paseo luze bat galtzen da eta han igaro genituen pare bat gau Carmen Estabaren etxean (venezuelarren berotasuna beste behin erakutsi zigularik). Carmenek bezala, bazeuden ongietorria eman ziguten Orinikoko betiko biztanleak: eltxoak; eltxo erraldoiak; “la plaga”. Hezetasun eta beroa dira beraien lagunak eta Tucupitan bi hauek eskutik doaz.

Lehen waraoak kaleetan zehar, eske, ikusi genituen. Ez zen lehen aldia, izan ere Ciudad Bolívarren ere aurkitu baikenituen. Bizi hobeago baten bila euren komunitateak uzten dituzte, hiriaren amets hori lortuko dutelakoan; baina aurkitzen dutena bila atera zirenaren oso bestelakoa da: atzean, komunitateetan, utzitakoa baino txirotasun handiagoa. Eta waraoak kalean egote horrek hirietako txuri eta mestizoen aurriritzi eta fobiak handitzen ditu: indigenak alferrak dira, ez dute lanik egin nahi…

Hala ere, guztiz kontrakoa ikusi genuen ostiraleko bileran. Hasiera batean emakume waraoen bilera izan behar zela uste genuena, gobernuko diputatu batzuen hitz jarioa izan zen batez ere: “Indigenek batu eta zeuen eskubideen alde borroka egin behar duzue!” errepikatzen zuten behin eta berriro. Bazirudien bertan bildu ziren indigenen hitzei ez zietela kasurik egiten: “Batzen gara, koordinaturik gaude eta proiektuak ditugu, baina gobernuak ez digu entzun nahi!”.

Deltako herri ezberdinetako indigenak bildu ziren bertan; non bizi ziren, baina, Tucupita bertakoak? Larunbatean, Curiapora joateko txalupa baten zain geundela ikusi genuen: hiria bukatu eta harantzago; Volcán deitzen dioten lekuan; latorri, kartoi era plastikoz eraikiriko etxoletan; zikinkeriaz beteriko ibaiertzean; etengabeko auto hots eta gasolina eta olio zikinaren usainaz inguraturik. Hiriaren promesa. Aurrerapena?

Han ibili ginen bata eta besteari galdetuz ea nor zihoan Curiapora eta azkenean gasolina bidoi bat besterik ez zeraman txalupa batean “cola” moduan eraman gintuzten.

Orinoko mila adarretan itsasoratzen da: zabalak, sakonak, urtsuak eta, batez ere, luzeak diren adarrek osatzen dute munduko deltarik handi eta ikusgarrienetarikoa.

Bost orduz urezko errepidetik adar batetik bestera irristan eta indigenen lasto eta egurrzeko etxolek zipriztintzen zuten paisaiarekin liluraturik, azkenean, Curiapora iritsi ginen; palafitoz osaturiko herria. Palafitoak uraren gainean zutabetxoz eusten diren etxeak dira, waraoen ohiturari jarraituz. Etxeak, beraien artean, baita ere zutabez eutsirik dauden bidetxoei esker lotzen dira: alde guztietatik ura era lur tinko gutxi. Nola iritsiko dira ba bertara produktu ezberdinez kargaturiko kamioiak? Ezinezkoa. Tucupitara joan behar txalupaz.

Eta, hala, lasaitasunean murgildurik, pasatzen dituzte egunak bertako biztanleek: waraoek, mestizoek, guyanarrek...

Lan, eskolara joan, lagunekin solastu, futbolean jokatu, tabernara joan, telebista ikusi, barre egin... dena urez inguraturik egiten dute Curiapoko biztanleek.

Bertako eskola bisitatu eta kultura eta hizkuntza waraoko irakaslearekin euren egoerari buruz hitz egin ondoren, txalupa hartu eta berriro ginen Orinokoko uretatik gora; zazpi orduz oraingoan; Cura deitzen zioten tipo batekin. Nor zen? Ez genekien, baina Barrancasera joan nahi bagenuen berarekin egin behar genuen bidea. Propano ontzi hutsen gainean ahal bezala jarri eta hala abiatu ginen.

Eta bapatean euria. Lainoa kea bailitzan sartu zen ibaira era erdi itsuturik eta guztiz bustirik, propano ontziak estaltzen zituen plastiko belzpean jarri ginen ahal bezala: berdin-berdin iritsi ginen blai eginda Barrancasera, baina handik Puerto Ordazera bueltatzeko jada ez genuen zailtasunik ikusten, izan ere lurrezko bideak edukitzeak badu sekulako abantaila: nahi izanez gero oinez joan daiteke. Desabantaia bakarra: gizakiak gizakiari dion errespetu eza eta, ondorioz, beldurra.

Nerea Leturia Nabaroa.

Par amerikastola - Publié dans : BIDAI KONTAKETAK: VENEZUELA III. 2006-II-01/II-13
Ecrire un commentaire - Voir les commentaires - Recommander

EGUTEGIA

Décembre 2009
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>

BERRIAK

2006/09/25: Perigueux-tik. Amerikastola dokumentalaren prestaketa (%50 egina) eta erakusketen egutegiaren antolaketa (begira Erakusketak zutabea). Lehen erakusketa Uztaritzeko liburutegian urriaren 16an eta lehen bideo-debatea urriaren 27an.

2006/07/31: Madriletik. Amerikastolaren bukaera: Limatik abiatzea Europaruntz eta euskal Herriruntz.

2006/07/23: Cuzcotik. Ande Zentralak zeharkatzean (5000 m arte)zentru garrnatzitsuak ezagutu ditugu, Huancayo eta Ayacucho bezala, baita ere Huancavelica bezala, interesgarria baina hotza.... Peruko gune pobre horretan populakuntzaren gehiengoak kitchtwa hitz egiten du. Duela bi egun Cuzcorat iritsi garela, inca hiriburu famatu horretarat, azkarki amerikanizatua den horretarat...Bihar, aguas Calienterat goaz, biharamunean Macchu Picchurat igotzeko.

2006/07/13: Satipotik. Liman bi egun pasa ondoren, Satiporat abiatu gara autobusez. Bide ohargarria: mendi idor eta izoztuetaik oihan tropikal erliebetsurat.  Ezagutzak eta elkarrizketak bertako Ashaninka eskola elebidun publikoekin, Gloriabamban eta San Juan de Panaman.  Bihar 3500 mko alturan dagoen Huancayoruntz goaz.

2006/07/07: Trujillotik.Eskualdeko kulturen ezagutza segitzen dugu: Moche kultura Chiclayon (Sipan) eta Chimu kultura Trujillon (Chan Chan). Igandean Liman izango gara Satiporako bidean...

2006/07/01: Cajamarcatik. Duela aste bat baino gehiago Iparraldeko ordoki goretan gaudela, Chachapoyas (aurre inka) populuaren historia eta kulturaz ikasteko. Gune arkeologiko batzuk  bisitatu ditugu Chachapoyas (Amazonas) eta Leymebamba ondoan: Kuelap eta Laguna de los Condores. Lamas eko ketxuekin iraganiko eztabaiden ondotik, "oporretan" gaude Satiporat iritsi arte uztailaren 10 inguruan (Selva zentrala). Han Ashaninkak ezagutuko ditugu. 

2006/06/19: Tarapototik hain zuzen (San Martin eskualdean). Iquitos eta gero Pucallparat itritsi ginen orduan, San francisco-ko Shipibo komunitaterat hain zuzen ere. Han bertan eztabaidak burutu ditugu eskolaren erakasleekin eta Yarinacocha-ko Instituto Pegagogikoaren formatzaileekin baita ere. Tarapoton duela gutxi ailegatuak gara eta bihar,Lamas- erat goaz, gertu dagoen ketxua komunitatearenganat.  

2006/06/13: Iquitos- en gaude (Perun) duela zonbait egun. Hiriaren ezagutza eta Formabiap zentruarekin baita ere: han gazteak formatzen dituzte haien komunitateetan erakas dezaten. Amagoia gurekin dago, 11an iritsi da, orain hiru gaituzue bidaian!! Puccalparat hegaldia ostegunean, 15an.  

2006/06/07: Urtebetetze on Nerea! Ekain hastapenetik Letician gaude, Kolonbian. Giro berezia eta oihan tropikal ugari. Ezagutzak eta elkarrizketak Witoto bertakoekin eta Benjamin Constant (Brasil)-en bizi diren Tikunas-ekin (OGPTB erakasle batekin hain zuzen ere). Denbora asko pasa dugu hemengo Unibertsitate zentraleko ikasle antropologoekin. Milesker Esti-ri, Durangoko euskaldunari! Iquitos era (Peru) goaz bihar goiz goizez.  

2006/05/29: Aste langilea Boa Vistan: gure lagun erakasleak berrikusi ditugu eta erakasle Wapichanekin hitz egin dugu. CCPY ONG aren proiektuaren berri ukan dugu: Yanomamiekin duten hezkuntza proiektuaz batez ere. Elkarrizketak elkarte honen zuzendariekin eta Yanomami erakasle eta boz eramaileekin. Artikulu bat idaztekotan dago. Ekainaren lehenean, muga hirukoitzerat ( Brasil-Kolobia-Peru) goaz.  

2006/05/22: Manaus en gaude, lagunen etxean. Atzo barrio cidade de deus eko Tikunas batzuekin elkartu gara eta eramaten duten bitarteko  hezkuntza proiektua aurkeztu digute.  Funai eta estatuak gutxi sustengatzen duen proiektua hiriko bertakoak baitira... Bihar Boa Vistarat goaz... 

2006/05/15:  Macapan huts egin ditugu gure NEI-ko kontaktuak ( duela 3 urte joan omen direla..). Santaremen egon ondoren, gaur hamaka  itsasuntzekin  berriz, Manauserat goaz ( 17 an han bertan izango gara).

2006/05/08:  Camopin erakasleekin eta Wayampi eta Teko bitartekari elebidunekin 6 egun pasa ondoren, Guiana Frantsesetik atera gara maiatzaren 5ean. Macapan gaude, Amapa estatu brasildarrean. Santaremera goaz, hamaka itsasuntziekin ( 2 eguneko bidaia).  

2006/04/28: Cayenne aldean gaude lagunen etxean. Ordenagailu berri batekin lanean gaude gure beranta harrapatzeko. Eztabaidak segitzen ditugu IUFM formatzaileekin, erakasleekin; kazetariekin. Igandean Camopi-runtz goaz, Daniel François erakasle kalina segituz (Camopin erakaslea).

2006/04/20:  Egonaldi bikaina igaro ondoan Atayumalaeren etxean ( eskerrak familia osoari!!), Amerindiarraren Egun Nazionalean geunden atzo Oiapoque ondoan (Brasilen, justu mugan), Awala Yalimapoko kalina gizatalde delegazioak gonbidaturik.

2006/04/07: Kourou ondotik eta Awala Yalimapon (mendebaldean, Surinam ondoan)kali'na gaizataldearekin  aste sakon bat pasa ondoren,  bihar Atayumalaeren etxera goaz : Maroni ibaian gaindi bizi den Wayana baten etxerat 8 egunerako (Antecume Patarat, Maripasoula hegoaldean kokatua dena, lurralde zainduan)..

2006/03/23: Guiana Frantsesean gaude; Kourou-n, Hego amerikan kokatua den europear;frantses lurralde horretan. Lehen eztabaidak, gogoetak. Lehen hitzorduak Kouroun aurreikusiak , Amerindiar herixkan eta Oka Mag aldizkariarekin.

2006/03/15:: Brasil, Fortaleza ( Boa Vistatik hegazkina hartu dugu Belemerat joateko, eta handik Fortalezaraino). Miren Uriberen etxea gaude, duela 15 urte Brasilen bizi den euskaldun baten etxean beraz. Pitaguary gizataldearekin ezagutzak, Ceara eskualdeko autoktonoak.  Kostaldean bizi izanik, haien hizkuntza, tupi-a, duela 200 urte baino gehiago galdu dute. Amerikastolari buruzko artikulu bat aterako da Brasilgoko El Povo kazetan.

2006/03/06: Brasil, Boa Vista, Roraimako Unibertsitate Federala. Ezagutzak macuxi, wapichana erakasleekin, historiako erakasle batzuekin baita ere, oso impikatuak direnak autoktonoei buruzko eztabaidetan. FUNAI aren baimenaren beha gaude, ekainean, komunitate batean  egun zonbait pasatzeko. Irratian emankizun bat grabatu dugu: Monte Roraima 107.4 FM.

2006/02/26:  Emazte Gazte Indigenen bilketa Santa Elenan.  Roraima tepuyaren ibilalditik sartzen gara (5 egun). Oraindik zonbait egun Gran Sabanan eta ondotik,  Brasilerat goaz ( Boa Vista). 

2006/02/18:  Santa Elenan gaude, Gran Sabanan, Brasilgoko mugatik 15 kilometrotan.  Mana kru Pemoi komunitatearen kapitainarekin  elgarrizketak  burutu ditugu eta baita ere, bertako eskolaren erakasleekin. Proiektuak: San Franciscorat joan eta inguruetarat, eta Roraima tepuyaren ibilaldia. 

2006/02/13: Ciudad Guayanan, Puerto Ordaz en, zonbai egunetako egonaldia Villarroel familiaren etxean. Zonbait egun pasa ditugu Orinoke deltan, Tucupitan eta Curiapon, ibai gainean dagoen herrixka batean,  herri hurbilenetik 7 ordutan kokaturik . Esperientzi interesgarria.

2006/02/03: Duela zonbait egun Ciudad Bolivar-en gaude, hemen pemoi komunitate baten eskola bisitatu dugu. Bihar Ciudad Guyanara goaz. Gure materiala ( ordenagailua eta argazki makina) gaizki doaz, horrek erran nahi du zailtasum gehiagorekin segituko dugula bloga osatzen, denbora gehiago beharko dugu....

2006/01/27: Amerikastola Caracaserat itzuli da, Munduko Foro Sozialan parte hartzeko. Itsasbela beharbada Orinoke aldean berriz topatuko dugu. 29 a arte Caracas aldean gaude, gero Ciudad Bolivarerat joateko.

2006/01/18: Cumana inguruan gaude. Lau egun pasa ditugu Laguna Granden, ondoko toki zoragarri batean. Laster bela utziko dugu Orinoken bidea segitzeko,  Warao-en ganat joateko.

2006/01/09: Ongi iritsiak Caracas-erat!! Karrek Ven beilan gaude gaurtik goiti Cumana aldean...........Aldaketak beharbada: Orinoke ibaiaren ordez, beharbada Gran Sabana eskualderat lurrezko garraioekin.

2005/12/12: Aldaketa: Abiatzea Caracas-erat 2006ko Urtarrilaren 4ean! Pesta on deneri!

2005/11/15: Urtebetetze on Sophie! Oparitzat, Gazte desafioaren diru laguntzaren lorpena! Aupa! 

2005/10/26: Amerikastolaren abiatzea Abenduaren 28an ( Parise-Caracas). Milesker Afat bidaiak eta Air France!  

2005/10/08 eta 09:  Mans-eko liburu azokan ezagutzak eta eztabaidak. Aurten Amazonia zen tematika nagusia.

2005/ 09/12: Amerikastola blogaren sortzea

2005/O7/23 :Amazoniar Ipuien gaualdia Verniolle-n ( Ariege-n) antolatua elkartearen sustengatzeko
2005/ 07/03: Amerikastola EHZ festibaleko elkartasun herrixkan

2005/ 05/30: Diru bila....

2005/05/09 :Traits d'Union elkartearen sortzea

2005/05/02: Amerikastola proiektuaren sortzea

ARGAZKIAK

 

Amerikastolaren argazkien begiratzeko, helbide horretara joan:

http://spaces.msn.com/amerikastola/PersonalSpace.aspx?_c02_owner=1

 

Créer un blog sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus