8) Aurkezpen orokorra: Foroaren antolaketa.
Denak “anai eta arreba” edota “kamarada” ginen lau konferentzi egun hauetan zehar, ondorengo hitzaldi hauetan egoteko aukera eduki genuen, nahiz eta 11 ezberdinetara joan nahi izan:
- Conferencia de los Pueblos Indígenas: Herri Indigenei buruzko konferentzia.
- Soberanía y autodeterminación, claves para la resolución de conflictos políticos. La lucha del País Vasco-Euskal Herria. Subiranotasun eta autodeterminazioa, gatazka politikoak konpontzeko irtenbideak. Euskal Herriaren borroka.
- Conversatorio: los movimientos indígenas y nuestros proyectos políticos (América del Norte). Elkarrizketa: indigenen mugimenduak eta gure politica proiektuak (Iparramerika).
- Pueblos indígenas: propuestas interculturales desde el ejercicio de la autonomía como alternativas frente a la globalización. Herri indigenak: autonomia batetik ematen diren kulturarteko proposamenak, globalizazioarekiko aukerak.
- Reunión de dirigentes juveniles indígenas. Indigena buruzagi gazteen bilera.
- Educación intercultural bilingüe. Kulturarteko hezkuntza elebiduna.
- Retos y dificultades de la praxis indígena en América Latina. Latinoamerikako indigenen praxiko erronka eta zailtasunak.
Zergatik hamaika hitzalditatik zazpi? Besteak ez direlako eman: lekuz aldatu zituzten (bat bakarrik egia esan, baina zaila zen informatua egotea), bertan behera utzi zituzten (hiru hain zuzen ere) edo inor ez zen etorri (biren kasua).
Orokorrean, hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren baina ez da ahaztu behar antolaketa pixka bat kaotikoa zenik: Noski, suitzarren antolaketa ez genuen espero, baina askotan ordutegiak ez ziren errespetatu (3 orduz gutxi gora-behera), batzutan ezta lekuak ere... baina kaos honen ondorio positiboa konferentzia formalak bilera informal bihurtzen zirela da, 3, 5 edota 10 pertsonakoak. Hau, beraz, askoz ere aberasgarriagoa bihurtzen zen!!
Foro ospatzen zen egunetan Caracaseko metroko 3 lineak baimenak zituztenentzat irekiak zeuden (43.000 bolivare, 16 euro). Bitxia! (izan ere metroaren prezioa nahiko barregarria suertatzen baita: 350 bolivare, 12 zentimo). Lastima, autobusaren kasuan ez zen gauza bera, hau garestiago eta leku gehiagotara joaten baita!
Otro Mundo posible
Foroaren leitmotiv-a: beste mundu bat posible da. Egitarau guztiz alternatiboa!!! Eztabaida hor zegoen: neoliberalismoari eta kapitalismo kaltegarriari irtenbidea bilatzea. Hitzaldi asko gai honen inguruan zebiltzan (bertan PROUT elkarte bitxiak hurrengo konferentzia proposatzen zuen: Beste modelo sozioekonomiko eta neohumanista: gizakien gizarte bakar eta banaezin bat), baina, hala ere, Nerea eta biok ziur gaude erantzuna gure planetako herri indigenen eskuetan dagoela eta, beraz, ordezkari ezberdinek Foroan edukiko zuten hitzean.
Egon ginen hitzaldietan hausnarketa berdinera iristen ziren, hots, beste mundu bat posible da, betiere gizarte indigenek zituzten barne eta kanpo arazoak ahaztu gabe. Badirudi indigenen bizimoduak gureak baino askoz ere gehiago errespetatzen duela gure Ama Lur maitea.
Noski, guretzat, mendebaldar txiki gaixoontzat, irtenbidea ez litzateke ehiza, arrantza eta bilketa bizimodura bueltatzea (eta zergatik ez?), baina bai gizarte indigenaren filosofian oinarritu eta hauei entzutea (begiratu proiektu aurreko hausnarketak). Oraindik gauza asko ditugu ikasi edo berrikasteko, oso berandu ez bada behintzat!
Eta oraindik kolonizazioaren onurei buruz hitz egiten ari direnak badaudela pentsatzea!
Badaude Castrok Kuban, Chávezek Venezuelan eta, orain, Boliviak (Evo Moralesen hautaketarekin) suposatzen duten prozesu iraultzailean beste mundu posible hori ikusten dutenak. Egia da hauek Estatu Batuetako eta Europako inperialismoaren alternatibak direla, baina ez al da ba prozesu hau gehiegi goraipatuko euren natura antinperialista dela eta?
Venezuela, adibidez, herrialde oso kontsumista da (mugikorren kontsumoan munduko lehena) eta sistema hori erabat kritikatzen duen arren, kapitalismo basatia burutzen da bertan. Honela Brasildik Venezuelara arte eraikiko duten gasbidea aipa genezake. Non dago alternatiba beraz?
Beste behin ere, eta emakume batek, ia negarrez, gasbidearen proiektua Ekuadorreko indigenen asanblada baten aurrean salatzen zuen bezala, bada garaia lekua “jakintsuei” utzi eta gu salbatzeko. Dominatzaile-dominatu arteko harremana laster alderantziz izango da.
Askapena foroan:
Subiranotasun eta autodeterminazioa, gatazka politikoak konpontzeko irtenbideak. Euskal Herriaren borroka. Askapenako ordezkari bat eta Batasunako beste batek parte hartu zuten euskal “gatazkari” buruzko hitzaldi batetan egon ginen. Batasunakoa zen hizlari bikainaren diskurtsoa oso gogor, koherente eta sinesgarria zen: “euskal herriaren errekonozimenduaren aldeko borroka duela 8 mende baino gehiago hasi zen, 8 mendetako kolonizazioa. Autodeterminazioa betebehar bat da, ez eskubide bat.”
Inoiz baino gehiago, herri euskalduna aurkitzen den lurraldean autoktonoa da. Batasunako ordezkariak Venezuelan Chávezek suposatzen duen aldaketa iraultzaileak dakartzan onurez behin eta berriz hitz egiten zuen: biharko Euskal Herriarentzako honelako aldaketa nahi zuen.
Nereak azpimarratu zidan bezala, Venezuela estatu gisa baino ez al luke ba Euskal Herriko egoera Venezuelako herri indigenenarekin alderatu beharko?
Hitzaldi ondoren venezuelar batek hartu zuen parte Chávezek Venezuelan zeuden errefuxiatu euskaldunak lurralde espainolera azkar estraditatu zituelako barkamen eske. “Prozesuari behar duen denbora uztean datza dena. Gehiago gertatu behar ez liratekeen gauzak dira”.
Venezuelako Konstituzio bolivariarra (2000ko martxoaren 24a), Chávez eta autoktonoak.
Hurrengo hitzaldi guztietan honako hau errepikatzen da, batez ere Venezuelako kasuan: herri autoktonoei buruzko legedia asko landutakoa da. Venezuelako konstituzioa, dudarik gabe, gaiari buruzko aurrerakoiena da munduan!!
LEHEN ATALA: Oinarrizko printzipioak:
9. artikulua: hizkuntza ofiziala gaztelera da. Hizkuntza indigenak erabilera ofizialekoak dira ere eta Errepublika osoko lurraldean errespetatuko dira, izan ere Nazioko eta gizaldiaren kultur patrimonio baitira.
Hizkuntza indigenak hizkuntza ofizialtzat ondorengo herrialdeetako Konstituzioetan azaltzen dira: Kolonbia, Ekuador, Nikaragua, Peru, Paraguai eta Venezuela.
HIRUGARREN ATALA: VIII. Kapitulua: Herri indigenen eskubideak.
119. artikulua: Estatuak herri eta komunitate indigenen izatea aitortuko du eta hauen gizarte, politika eta ekonomi antolaketa, kultura eta ohiturak, hizkuntza eta erlijioak, hala nola, hauen habitat eta antzinatik eta betidanik okupatzen dituzten lurren sorrerako eskubideak, izan ere hauen bizimodua bermatu eta garatzeko beharrezkoa baitira. Botere Betearazle Nazionalaren gain geratuko da, betiere herri indigenen parte hartzearekin, hauen lurren propietate kolektiboarekiko eskubidea zehaztu eta bermatzea, lur hauek alienaezin, agindu ezinak, kendu ezinak eta eman ezinak dira Konstituzio honetan eta legean bertan esaten denaren arabera.
120. artikulua: Estatuak indigenen habitateko errekurtso naturalak aprobetxatu nahi baditu, hauen osotasun kultural, sozial eta ekonomikoa kaltetu gabe egin beharko du betiere eta, era berean, hurrenez hurreneko komunitate indigenei galdegin eta hauek informatzeko betebeharra du. Lur honen aprobetxamendutik komunitate indigenek lorturiko etekinak Konstituzio honek eta legeak dioenari lotuak izango dira.
Honako hau komentatzea interesgarria litzateke. Lurralde indigenen nozioa Konstituzioan. Honek ez du inoiz “lurralde” hitza erabiltzen. Honek zilegi den eskubidea suposatuko luke eta hau autodeterminazio aitzakia izango litzateke euren lurraldeetan bizi diren herri indigenentzat, Errepublika bolivariarrak inola ere nahiko ez lukeena (ikus azken artikulua).
Beraz, irtenbidea “indigenen lur eta habitatari” buruz hitz egitea da: “habitat” fauna eta florarekin erabiltzen den terminologia izanik.
121. artikulua: Herri indigenek beraien nortasun etniko eta kulturala mantendu eta garatzeko eskubidea dute, hala nola, kosmobisio, balore, espiritualtasun eta leku sakratu eta kultuzkoak. Estatuak herri indigenen kultur agerraldien balorazio eta difusioa bultzatuko du, hauek propioa eta kulturartekoa eta elebiduna den hezkuntza erregimen baten eskubidea dutelarik, betiere hauen berezitasun soziokultural, balore eta ohiturei so eginez.
Artikulu hau bereziki interesatzen zaigu hezkuntzari buruz ari baita. Urtarrila eta otsaila bitarte ikusiko dugu zertan dagoen kulturarteko eta elebidun den prozesu hau.
Kulturarteko hezkuntza elebiduna 1979az geroztik dago.
122. artikulua: Herri indigenek beraien praktika eta kulturak aintzat hartzen dituen osasun osoa jasotzeko eskubidea dute. Estatuak hauen medikuntza tradizionala eta terapia osagarriak aintzat hartuko ditu, betiere printzipio bioetikoak kontutan izanik.
123. artikulua: Herri indigenek elkarrekikotasun, solidaritate eta elkartrukean oinarritzen diren beraien jarduera ekonomikoak mantendu eta sustatzeko eskubidea dute; beraien jarduera tradizionalak, ekonomia nazionalean parte hartu eta beraien lehentasunak definitzeko eskubidea dute. Herri indigenek lanbide-heziketa zerbitzuak jaso eta kapazitazio, laguntza tekniko eta finantzarioko zerbitzuen programak sortu, gauzatu eta kudeatzeko eskubidea dute, garapen lokal jasangarriaren markoan hauen ekonomi jarduerak indartzeko. Estatuak langile indigenei lan legediak dioen eskubideak bermatuko dizkie.
124. artikulua: Herri indigenen ezagutza, teknologia eta berrikuntzen propietate intelektual kolektiboa bermatu era babesten da. Errekurtso genetiko eta honekin loturiko ezagutzarekin zerikusia duten aktibitate oro etekin kolektiboak bilatuko dituzte. Errekurtso hauen eta antzinako ezagutzen patenteen erregistroa galarazirik dago.
125. artikulua: Herri indigenek politikan parte hartzeko eskubidea dute. Estatuak Asanblada Nazionalean eta populazio indigena duten entitate federal eta lokaletako talde erabakitzaileetan indigenen ordezkaritza egotea bermatuko du, betiere legearen arabera.
Hala, Asanblada Nazionalean lau ordezkari indigena daude, hauen artean Noelí Pocaterra wayuu ezaguna.
126. artikulua: Antzinako kultura dutela eta, herri indigenak Nazio, Estatu eta herri venezuelarraren zati dira, hau bakar, subirano eta zatika ezina delarik. Konstituzio honen arabera, osotasun eta subiranotasun nazionala zaintzeko betebeharra dute.
Hona hemen aurreko guztiak nola hala hankaz gora jartzen dituen artikulua. Venezuelak Estatu Nazio naturakoa dela erakusten digu, bertan, nazioarteko legedian ikustatzen denaren aurka, herrien autodeterminazioan pentsatzea ezinezkoa delarik. Chávezi esatea gustatzen zaion bezala: Venezuelan ez daude ez indigenak, ezta beltzak ere, venezuelarrak baizik!
Azken artikulua alde batera utziz gero, atsekabegarria inondik ere, legedia herri autoktonoen emantzipazioaren oso aldeko dela esan genezake. Baina eta nola aplikatzen dira lege hauek eguneroko bizitzan? Eskubide hauekiko benetako errespetua falta da, honekin jarraituz, zertan dago lurralde indigenak mugatuko dituen prozesua?
Indigenen ikuspuntua kontutan hartzen al da proiektu industrial edota mineralak burutzen diren garaian ( gasbidearen adibidea)? Ez, beraz, askotan, populazio indigena dagoen zonak zeharkatzen dituzte, gasbideak Gran Sabanan egingo duen bezala.
Legeak ederrak dira baina oraindik bide luze dago egiteko…
Irtenbidea, baita ere, indigenen eskuetan dago: legeak aprobetxatuz euren proiektu propioak egin ditzakete, euren aukera inposatu.
Gobernuaren edozein laguntzaren zain badaude, honek ez du sekula bukaerarik izango.
Eric Gutiérrez-ekin solasaldia:
Kamarada honek asko argitu zigun Venezuelako mundu indigenaren errealitatea (habitat eta gasbideari buruzko aurreko komentarioak). Herri pemoiaren eskubideen aintzatespenaren aldeko borrokan erebat murgildurik dagoen pertsona honek Chávezek dioen aldaketaren kritika konstruktibo bat egin zigun. Herri indigenei dagokienez, gauzak argi ikusi ditugu eta badakigu oraindik asko egin behar dutela. Hala ere, Eric jabetzen da herrialdean, orokorrean, aurrerapenak egin direla:
- Analfabetismoaren desagerpena (Misión Robinson).
- Behartsuenei elikagai banaketa.
- Hiri inguruko etxoletan osasunaren heltzea.
Aurrerapen hauek, batik bat, Misio Bolivariarrak aurrera eramateari esker izan dira posible. Zer dira? Misio hauek ministerioetatik kanpo dauden organismo independienteak dira eta honako domeinuetan egiten dute lan: hiri inguruetako etxolak (Misión Barrio Adentro), indigenak (Misión Guaicaipuro, lurraldearen askapenean, hezkuntzan... Bolívarri lagundu zion indigenaren izena)... Barrio Adentro misioak emaitza bikainak eman ditu: ideia sinplea da: hiriraino jaitsi ordez, medikuak eta zainketak dira etxoletara igotzen direnak (hasiera batean sendagile kubatarrak eta orain baita venezuelarrak ere). Benetan aurrerapen izugarria!
Gainera, misio hauen finantzamendua herrialdeko petrolio etekinen bidezkoagoa den banaketari esker lortzen da. Beraz, etekin hauek ez doaz zuzenean Chávezek hainbeste hitz egiten duen oligarken klase horretara.
Audrey, Nereak itzulia.




OHARRAK