Samedi 27 mai 2006 6 27 /05 /2006 00:46
NAHI AL DUZUE?
            Euskal Herrian ikastolen mugimenduak suposatzen duena, hots, kalitatezko irakaskuntza euskaraz, azaltzen dugunean, batek baino gehiagok –denek ez esatearren- galdera bera egiten digu: “Eta espainiera/frantsesa zer? Haur horiek bi hizkuntzak hitz egiteko gai al dira?” Gure buruak adibide gisa jarrita, baietz ulertzen dute: guztiz elebiduna izatea posible da ikastolan betidanik proposatu den sistemarekin. Honek, derrigorrez, bigarren galdera bat ekartzen zuen: “norentzat dago pentsatua sistema hori: haur euskaldunentzat ala euskara ikasi nai duten haurrentzat?” Hasiera batean haur euskaldunentzat pentsatu zena, gaur egun euskara etxean ez duten haurrentzat ere baliogarria dela azaltzen diegu. Emaitza berbera da (hala izan beharko litzateke behintzat): gazte guziz elebidunak izatea.
        Oso argi geneukan Euskal Herriko eredu bera ezinezkoa dela Guyana Frantsesa bezalako leku batean txertatzea: lehenik eta behin hizkuntza egoera ez baita inola ere berbera. Argi ikusi zuen hori Awala-Yalimapo-ko eskolako zuzendaria den Perigny andereak: “Euskal Herrian elebitasun egoera bat besterik ez duzuen bitartean (euskara/gaztelania edo euskara/frantsesa), hemen, Guyana Frantsesean, ez da horrela inola ere: badituzu amerindiar etnia ezberdinak, beltz-marroiak, txinatarrak, surinamiarrak... eta bakoitza bere ama hizkuntzarekin. Gainera, etxean, kalean, edonon ama hizkuntza besterik erabiltzen ez duten lekuetan eta, frantsesa, benetan, oso-oso gutxi entzuten den lekuetan, nola izango dira ba guztiz elebidunak frantsesa ez badute eskolan ikasten?” Helburua elebitasuna bada, zaila da.
        Errealitatea zera da, Euskal Herrian etengabe entzuten dugula erdal hizkuntza, espainola nahiz frantsesa, eta haurrari ez zaiola guztiz arrotza hizkuntza hau. Ikasten hasten denean (7-8 urte) ezaguna egiten zaio eta gauza batzuk esateko gai da. Hau haurra inguru euskaldun batekoa denean gertatzen da. Haurrak erdal hizkuntza duenean etxean, txikitatik hasten bada sistema honetan, euskara inongo arazorik gabe ikasi ahalko du. Hala, haurra guztiz elebidun bihurtuko da. Gaur egungo inmigrazioa dela eta, ikastoletara datozen haur kanpotarretan ikus daiteke hori argi eta garbi, izan ere, hauek, etxean hirugarren hizkuntza bat erabili arren, oso azkar ikasten baitituzte euskara eta erdara. Kasu hauetan, haurra sistema honetan txikitatik hasten bada, bere ama hizkuntza eta Euskal Herrian erabiltzen diren bi hizkuntzak (euskara eta espainola/frantsesa) arazorik gabe ikasiko ditu, baita beste kanpoko hizkuntza bat edo bi ere (ingelesa eta frantsesa/espainola). Izan ere haur batek 5 hizkuntza batera ikas baititzake inongo arazorik gabe.
        Egia da leku batzuetan, batez ere ibaiertzeko komunitateetan, frantsesa ez dela inola ere eguneroko hizkuntza eta, eskolan ikasi ezean, ez luketeela hizkuntza hori jasoko: elebitasuna, beraz, ez litzateke osoa izango. Aldiz, badaude frantsesa askoz ere gertuagokoa duten komunitateak (kostaldekoak esaterako). Hauen kasuan elebidun osoak izatea ez da arazoa. Eskolan haurrek ikasketak euren ama hizkuntzan egitea eta guztiz elebidunak izatea ez lirateke gai kontrajarriak izango. Argi dago Estatuak ez diela horretan lagundu behar eta gurasoak beraiek izan behar direla horrelako eskola bat nahi, proposatu eta aurrera eraman behar dutenak. Hau da galdera: nahi al duzue?
        Zein hizkuntza erabili beraz eskolan? Gehiengoarena? “Leku bakoitzean berea” esango genuke guk, baina, baina lurrik ez dutenentzat zein da lekua? Lurra da hemen ere arazorik handiena amerindiarrentzat.
        Indarra duenari, kasu honetan Estatu frantsesari, indartsuki egin behar zaio aurre eta, indarra batasunak egiten duela jakinik, hori besterik ez zaie geratzen amerindiarrei: beraien arteko komunikazioa ez dela erraza esan digute, baina, pirogek jada motorra duten munduan, irratia, telefonoa eta Interneten aroan, ez da inola ere ezinezkoa; bestela ere, ke seinaleak, adarra edota txalaparta beti izango dira hor nahi izanez gero! Nahi al duzue?
                                                                                                                                       Nerea Leturia Nabaroa.
       
Par Nerea Leturia Nabaroa - Publié dans : BIDAI KONTAKETAK: GUYANA FRANTSESA
Ecrire un commentaire - Voir les 1 commentaires - Recommander
Retour à l'accueil

Commentaires

Aupa Nerea eta lagunok,


Jakina da, gaur egun herri bat ezin daitekeela isolaturik bizi eta hizkuntza bakar bat jakinez. Baina zeinda helburua? Helburu ez da baitezpada elibitasun jakin bat izatea. Helburua herri bakoitzaren hizkuntza normalizatzea da eta hiztunak gai izatea eta aukera ukatea hizkuntza horretan bizitzeko. Eskola beraz heien hizkuntzan behar lukete.


Gero, norbaitek beste hizkuntza baten eskolatzera behartzen baitu norbait horrek ( izan administrazio edo erresuma) izanen du egiten ari denaren ardura.


Honek ez du erran nahi biztale horiek ez dutela beste hizkuntza bat ikasiko, baina hautatuko dute zein hizkuntza beraien interesen arabera.


Badirela lurrik gabeko populu batzuk ere aipatzen duzu. Hauen kasuak zailagoa dirudi. Baina zuzenez hauek ere beharko lukete heien hizkuntza normalizatzeko bidea eta heien haurrak hizkuntza horretan eskolatzekoa. Bestenaz akabo.


Ez diguzuna kontatzen da, zein den populu hauen kontzientzia eta zein den normalizazio bati buruz daramaten bidea.


Beno, animo eta segi aitzina.


 


 

Commentaire n°1 posté par gillermo le 27/05/2006 à 22h36

EGUTEGIA

Décembre 2009
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>

BERRIAK

2006/09/25: Perigueux-tik. Amerikastola dokumentalaren prestaketa (%50 egina) eta erakusketen egutegiaren antolaketa (begira Erakusketak zutabea). Lehen erakusketa Uztaritzeko liburutegian urriaren 16an eta lehen bideo-debatea urriaren 27an.

2006/07/31: Madriletik. Amerikastolaren bukaera: Limatik abiatzea Europaruntz eta euskal Herriruntz.

2006/07/23: Cuzcotik. Ande Zentralak zeharkatzean (5000 m arte)zentru garrnatzitsuak ezagutu ditugu, Huancayo eta Ayacucho bezala, baita ere Huancavelica bezala, interesgarria baina hotza.... Peruko gune pobre horretan populakuntzaren gehiengoak kitchtwa hitz egiten du. Duela bi egun Cuzcorat iritsi garela, inca hiriburu famatu horretarat, azkarki amerikanizatua den horretarat...Bihar, aguas Calienterat goaz, biharamunean Macchu Picchurat igotzeko.

2006/07/13: Satipotik. Liman bi egun pasa ondoren, Satiporat abiatu gara autobusez. Bide ohargarria: mendi idor eta izoztuetaik oihan tropikal erliebetsurat.  Ezagutzak eta elkarrizketak bertako Ashaninka eskola elebidun publikoekin, Gloriabamban eta San Juan de Panaman.  Bihar 3500 mko alturan dagoen Huancayoruntz goaz.

2006/07/07: Trujillotik.Eskualdeko kulturen ezagutza segitzen dugu: Moche kultura Chiclayon (Sipan) eta Chimu kultura Trujillon (Chan Chan). Igandean Liman izango gara Satiporako bidean...

2006/07/01: Cajamarcatik. Duela aste bat baino gehiago Iparraldeko ordoki goretan gaudela, Chachapoyas (aurre inka) populuaren historia eta kulturaz ikasteko. Gune arkeologiko batzuk  bisitatu ditugu Chachapoyas (Amazonas) eta Leymebamba ondoan: Kuelap eta Laguna de los Condores. Lamas eko ketxuekin iraganiko eztabaiden ondotik, "oporretan" gaude Satiporat iritsi arte uztailaren 10 inguruan (Selva zentrala). Han Ashaninkak ezagutuko ditugu. 

2006/06/19: Tarapototik hain zuzen (San Martin eskualdean). Iquitos eta gero Pucallparat itritsi ginen orduan, San francisco-ko Shipibo komunitaterat hain zuzen ere. Han bertan eztabaidak burutu ditugu eskolaren erakasleekin eta Yarinacocha-ko Instituto Pegagogikoaren formatzaileekin baita ere. Tarapoton duela gutxi ailegatuak gara eta bihar,Lamas- erat goaz, gertu dagoen ketxua komunitatearenganat.  

2006/06/13: Iquitos- en gaude (Perun) duela zonbait egun. Hiriaren ezagutza eta Formabiap zentruarekin baita ere: han gazteak formatzen dituzte haien komunitateetan erakas dezaten. Amagoia gurekin dago, 11an iritsi da, orain hiru gaituzue bidaian!! Puccalparat hegaldia ostegunean, 15an.  

2006/06/07: Urtebetetze on Nerea! Ekain hastapenetik Letician gaude, Kolonbian. Giro berezia eta oihan tropikal ugari. Ezagutzak eta elkarrizketak Witoto bertakoekin eta Benjamin Constant (Brasil)-en bizi diren Tikunas-ekin (OGPTB erakasle batekin hain zuzen ere). Denbora asko pasa dugu hemengo Unibertsitate zentraleko ikasle antropologoekin. Milesker Esti-ri, Durangoko euskaldunari! Iquitos era (Peru) goaz bihar goiz goizez.  

2006/05/29: Aste langilea Boa Vistan: gure lagun erakasleak berrikusi ditugu eta erakasle Wapichanekin hitz egin dugu. CCPY ONG aren proiektuaren berri ukan dugu: Yanomamiekin duten hezkuntza proiektuaz batez ere. Elkarrizketak elkarte honen zuzendariekin eta Yanomami erakasle eta boz eramaileekin. Artikulu bat idaztekotan dago. Ekainaren lehenean, muga hirukoitzerat ( Brasil-Kolobia-Peru) goaz.  

2006/05/22: Manaus en gaude, lagunen etxean. Atzo barrio cidade de deus eko Tikunas batzuekin elkartu gara eta eramaten duten bitarteko  hezkuntza proiektua aurkeztu digute.  Funai eta estatuak gutxi sustengatzen duen proiektua hiriko bertakoak baitira... Bihar Boa Vistarat goaz... 

2006/05/15:  Macapan huts egin ditugu gure NEI-ko kontaktuak ( duela 3 urte joan omen direla..). Santaremen egon ondoren, gaur hamaka  itsasuntzekin  berriz, Manauserat goaz ( 17 an han bertan izango gara).

2006/05/08:  Camopin erakasleekin eta Wayampi eta Teko bitartekari elebidunekin 6 egun pasa ondoren, Guiana Frantsesetik atera gara maiatzaren 5ean. Macapan gaude, Amapa estatu brasildarrean. Santaremera goaz, hamaka itsasuntziekin ( 2 eguneko bidaia).  

2006/04/28: Cayenne aldean gaude lagunen etxean. Ordenagailu berri batekin lanean gaude gure beranta harrapatzeko. Eztabaidak segitzen ditugu IUFM formatzaileekin, erakasleekin; kazetariekin. Igandean Camopi-runtz goaz, Daniel François erakasle kalina segituz (Camopin erakaslea).

2006/04/20:  Egonaldi bikaina igaro ondoan Atayumalaeren etxean ( eskerrak familia osoari!!), Amerindiarraren Egun Nazionalean geunden atzo Oiapoque ondoan (Brasilen, justu mugan), Awala Yalimapoko kalina gizatalde delegazioak gonbidaturik.

2006/04/07: Kourou ondotik eta Awala Yalimapon (mendebaldean, Surinam ondoan)kali'na gaizataldearekin  aste sakon bat pasa ondoren,  bihar Atayumalaeren etxera goaz : Maroni ibaian gaindi bizi den Wayana baten etxerat 8 egunerako (Antecume Patarat, Maripasoula hegoaldean kokatua dena, lurralde zainduan)..

2006/03/23: Guiana Frantsesean gaude; Kourou-n, Hego amerikan kokatua den europear;frantses lurralde horretan. Lehen eztabaidak, gogoetak. Lehen hitzorduak Kouroun aurreikusiak , Amerindiar herixkan eta Oka Mag aldizkariarekin.

2006/03/15:: Brasil, Fortaleza ( Boa Vistatik hegazkina hartu dugu Belemerat joateko, eta handik Fortalezaraino). Miren Uriberen etxea gaude, duela 15 urte Brasilen bizi den euskaldun baten etxean beraz. Pitaguary gizataldearekin ezagutzak, Ceara eskualdeko autoktonoak.  Kostaldean bizi izanik, haien hizkuntza, tupi-a, duela 200 urte baino gehiago galdu dute. Amerikastolari buruzko artikulu bat aterako da Brasilgoko El Povo kazetan.

2006/03/06: Brasil, Boa Vista, Roraimako Unibertsitate Federala. Ezagutzak macuxi, wapichana erakasleekin, historiako erakasle batzuekin baita ere, oso impikatuak direnak autoktonoei buruzko eztabaidetan. FUNAI aren baimenaren beha gaude, ekainean, komunitate batean  egun zonbait pasatzeko. Irratian emankizun bat grabatu dugu: Monte Roraima 107.4 FM.

2006/02/26:  Emazte Gazte Indigenen bilketa Santa Elenan.  Roraima tepuyaren ibilalditik sartzen gara (5 egun). Oraindik zonbait egun Gran Sabanan eta ondotik,  Brasilerat goaz ( Boa Vista). 

2006/02/18:  Santa Elenan gaude, Gran Sabanan, Brasilgoko mugatik 15 kilometrotan.  Mana kru Pemoi komunitatearen kapitainarekin  elgarrizketak  burutu ditugu eta baita ere, bertako eskolaren erakasleekin. Proiektuak: San Franciscorat joan eta inguruetarat, eta Roraima tepuyaren ibilaldia. 

2006/02/13: Ciudad Guayanan, Puerto Ordaz en, zonbai egunetako egonaldia Villarroel familiaren etxean. Zonbait egun pasa ditugu Orinoke deltan, Tucupitan eta Curiapon, ibai gainean dagoen herrixka batean,  herri hurbilenetik 7 ordutan kokaturik . Esperientzi interesgarria.

2006/02/03: Duela zonbait egun Ciudad Bolivar-en gaude, hemen pemoi komunitate baten eskola bisitatu dugu. Bihar Ciudad Guyanara goaz. Gure materiala ( ordenagailua eta argazki makina) gaizki doaz, horrek erran nahi du zailtasum gehiagorekin segituko dugula bloga osatzen, denbora gehiago beharko dugu....

2006/01/27: Amerikastola Caracaserat itzuli da, Munduko Foro Sozialan parte hartzeko. Itsasbela beharbada Orinoke aldean berriz topatuko dugu. 29 a arte Caracas aldean gaude, gero Ciudad Bolivarerat joateko.

2006/01/18: Cumana inguruan gaude. Lau egun pasa ditugu Laguna Granden, ondoko toki zoragarri batean. Laster bela utziko dugu Orinoken bidea segitzeko,  Warao-en ganat joateko.

2006/01/09: Ongi iritsiak Caracas-erat!! Karrek Ven beilan gaude gaurtik goiti Cumana aldean...........Aldaketak beharbada: Orinoke ibaiaren ordez, beharbada Gran Sabana eskualderat lurrezko garraioekin.

2005/12/12: Aldaketa: Abiatzea Caracas-erat 2006ko Urtarrilaren 4ean! Pesta on deneri!

2005/11/15: Urtebetetze on Sophie! Oparitzat, Gazte desafioaren diru laguntzaren lorpena! Aupa! 

2005/10/26: Amerikastolaren abiatzea Abenduaren 28an ( Parise-Caracas). Milesker Afat bidaiak eta Air France!  

2005/10/08 eta 09:  Mans-eko liburu azokan ezagutzak eta eztabaidak. Aurten Amazonia zen tematika nagusia.

2005/ 09/12: Amerikastola blogaren sortzea

2005/O7/23 :Amazoniar Ipuien gaualdia Verniolle-n ( Ariege-n) antolatua elkartearen sustengatzeko
2005/ 07/03: Amerikastola EHZ festibaleko elkartasun herrixkan

2005/ 05/30: Diru bila....

2005/05/09 :Traits d'Union elkartearen sortzea

2005/05/02: Amerikastola proiektuaren sortzea

ARGAZKIAK

 

Amerikastolaren argazkien begiratzeko, helbide horretara joan:

http://spaces.msn.com/amerikastola/PersonalSpace.aspx?_c02_owner=1

 

Créer un blog sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus