
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
2004ean geure planetan 6500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten zirela esan zen (Umberto Eco, A la recherche de la langue parfaite, Paris, Seuil, 1994). Baina aniztasun honek gai larri bat ezkutatzen du: hilero, hainbat hizkuntza desagertu eta hiltzen dira. «Sait-on qu’en moyenne, il meurt environ 25 langues chaque année? [...] dans cent ans, si rien ne change, la moitié de ces langues seront mortes. À la fin du XXIe siècle, il devrait donc en rester 2500 environ, et sans doute beaucoup moins encore si l’on tient compte d’une accélération, fort possible, du rythme de disparition » (Claude Hagège, Halte à la mort des langues, Paris, O. Jacob, 2001). Desagerpena hiztunek euren hizkuntza hitz egiteari utzi diotelako dela esan daiteke: “une langue est considérée comme en danger de disparition lorsque moins de 30 % des enfants d’une population donnée l’apprennent ou la parlent” (Arriskuan dauden hizkuntzen atlasa, UNESCO, 2002), inolako babesik ez edukitze hau gaur egun mundua jasaten ari den globalizazioak geroz eta gehiago bultzatzen du.
Ezer baino lehen desagertzen diren hizkuntza horiek ez direla arruntenak esan behar da; hauei, gogo onez, gutxituak deitzen diegu. Gutxituak, izan ere inposatzen zaien gehiengoen hizkuntza bati aurre egin behar baitiote: “cette situation de péril n’est pas liée au nombre de locuteurs mais à la situation de contact de la langue face à une langue dominante ou à un environnement culturel agressif” (UNESCO). Bizitza publiko, administrazio eta eskolan hizkuntz gutxituak dira, baina bizitza pribatu, komunitate eta familiartean ez dira hainbeste. Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik diglosi egoera batean egongo ginateke, non hizkuntz gutxitua gehiengoen hizkuntzarekin gatazkan ikus daitekeen. Hau guztia kontutan hartuta, guk “gutxiengoaren” hizkuntza bezala kontsideratuko ditugu eta ez gutxituak.
Europan, eta Frantzian bereziki, gutxiengoen hizkuntzen jarraipenaren arazoa aztertu beharrekoa da, euskararen kasua interesgarria izanik.
Frantzian euskara eskualdeko hizkuntza bat da eta ez ofiziala (Espainian ez bezala): “La langue de
la République
est le français” (Konstituzioaren 2. artikulua). Euskara beraz, 1789ko deklarazioaren 11. artikuluan oinarritzen den norbanakoaren eskubideari atxikitzen zaio, hau da, euskaldunek euren hizkuntzan “libreki hitz egin eta idazteko” eskubidea dute.
Hau ikusita, euskarak lekutxo ahul bat besterik ez du izango; garrantzi eskaseko lekua 1996an egindako ikerketa soziolinguistikoen arabera. Hala da, Iparraldeko %25,8a besterik ez da elebiduna, %9,3a elebidun hartzailea da eta %64,2a ez da euskalduna (gutxi gora-behera 85.000 euskaldun daudela pentsatzen da). Hegoaldean aldiz elebidunak %22,3a dira, elebidun hartzaileak %7,9a suposatzen du eta elebakarrek %69,7a osatzen dute (Gipuzkoa eta Araba edota Nafarroako hegoalde artean dauden ezberdintasunak kontutan hartuta, noski).
Egoera hau dela eta, UNESCOk, munduan hitz egiten diren 6.500 hizkuntzetatik desagertzeko arriskuan dauden 3.000 hizkuntzen artean kokatu du euskara.
Euskararen biziraupen eta erabileran ikastolen mugimenduak leku oso garrantzitsu bat du. Hegoaldean 1961etik aurrera hasi zen ikastolen mugimendua, hauek euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzen zutelarik, baina benetako indarra 1970. hamarkadan lortu zuten. Iparraldean ikastolen mugimendua berantiarragoa izan zen. Iparraldeko ikastolak Hegoaldekoetan oinarritu ziren. Seaska da Iparraldean ikastolen sistema daramakien elkartea.
Ikastoletan euskara hutsean irakasten da, arlo guztietan hizkuntza hau erabiltzea da Ikastolen politika. Haurra inguru euskaldun batean murgiltzea da helburua, bainu bat bailitzan. Eskolan, murgiltze hori eragin eta mantentzen da eta betebehar administratibo eta instituzionalak jarraituz, kalitatezko irakaskuntza ziurtatu behar du. Haur eta lehen mailako hezkuntzan euskara hutsean ikasten du haurrak, pixkanaka bigarren hizkuntzarekin (gaztelania nahiz frantsesa) kontaktuan jartzen den heinean. Honela, haurrak orduraino ezezagun eta arraro egiten zaion bigarren hizkuntza naturalki eta azkar ikasten du.
Gutxiengoen hizkuntzen arazoa mundu guztian zehar aurki dezakegu. Amazonaseko altxor linguistikoaren babesa kinka larrian dago: bertako arroan 180 etnia ezberdin baino gehiago daude, gehiengoa ibaiertz eta oihan tropikalean aurki dezakegularik. Talde amerindiar hauek –hau da, herri prekolonbiarren ondorengoak- oraindik ere kulturalki oso markatuak dauden talde indigenetan banatzen dira (Carneiro da Cunha, 1986). Gizarte antolaketa, sinesmen eta ingurumenarekin duten lotura ikusita, ezaugarri kultural berdintsuak dituztela esan genezake eta denek jasaten dute gutxiespen eta diskriminazio bera. Hala eta guztiz ere, hizkuntza oso ezberdinak hitz egiten dituzten herri ugariren aurrean gaude (Gimes, 1988) eta hizkuntza hauen artean bat bera ere ez da besteekiko dominatzaile handia. Orokorrean, gizatalde hauek komunitate txikietan antolatzen dira. Alor honetan ere sekulako ezberdintasunak antzeman ditzakegu, izan ere taldeen %66a 2.000 pertsonez osatzen den bitartean, badira 40.000 gizabanakoz osatzen direnak ere. Komunitate handi hauetan (%8a 15.000 eta 40.000 artean, 1990ean) bertako hizkuntza ez dago arriskuan, egunero jende ugarik erabili eta hitz egiten baitu; baina beste komunitate gehienetan, hiztunen kopurua oso baxua da eta horrek euren hizkuntzaren geroa geroz eta beltzagoa izatea suposatzen du.
Amazonaseko arroko estatu ezberdinen hizkuntz politikei dagokienez, oso ezberdinak direla esan behar da. Aztertu nahi ditugun lau herrialdeetan (Guyana frantsesa, Venezuela, Peru eta Ekuador) bertako hizkuntzen babes eta hezkuntza elebidunari dagokienez, egoera juridiko ezberdinak suma ditzakegu.
Guyana frantsesean, badirudi arduradunei ez zaizkiela gehiegi axola bertako hizkuntzak, amerindiarrak nahiz kreolak, eta daramaten hizkuntz politika esku hartze ezarena, ia axolagabekeriarena, da. Guyanak, itsasoaz harantzako departamentu bat izatean, Frantziako nazio politika jarraitzen du. Horrela, frantsesa da Guyanako hizkuntz ofiziala eta eskolan frantsesa erabiltzen da, eskola urteetan bertako hizkuntza eta kulturak ere irakats daitezkeela esan arren legeak. Irakaskuntza frantses hutsean izateak eskola arrakastan sekulako ezberdintasunak egotea dakar eta biktimak, beti, komunitate amerindiar eta kreolak dira, izan ere, hauentzat frantsesa ez baita ama hizkuntza. Eskola elebidunen esperientzia oso berria da eta, beraz, gutxi garatu da oraingoz: pare bat haurtzaindegi kali’na hizkuntzan. Kali’na herrialdeko hizkuntza amerindiarrik garrantzitsuena da 4.000 hiztunekin, gutxi gora-behera Guyanako populazio amerindiarraren erdia delarik, izan ere, guztira 6.000tik 9.000ra bitarte amerindiar daudela uste baita (biztanleriaren %4tik %5era bitarte).
Perun 25 milioi biztanle baino gehiago eta ehun bat hizkuntza daude. Amerindiarrek, inken ondorengoak hauek, Peruko biztanleriaren %45a suposatzen dute gutxi gora-behera, gehiengoa quechua-k edo aymara-k direlarik. %37a amerindiar eta europarren ondorengoen nahasketatik dator. %15ak europar jatorrikoak dira (batez ere espainiarrak). Beste %3a etorkinek osatzen dute, asiarrak gehienak (japoniar, vietnamiar eta txinatarrak). Quechua, 3,7 milioi hiztunekin, hizkuntz autoktono garrantzitsuena da, hurrengoa aymara delarik (350.000 hiztunekin, batez ere Andeetan). Quechuena ez dela hizkuntz komunitate homogeneo bat aipatu behar da, izan ere, hogei bat dialektotan bana baitaiteke. Banaketa honek harik eta zailago egiten du euren kulturaren zaintza eta, beraz, errazagoa da desagerpena. Azkenik, esan behar da, beste hirurogei bat hizkuntza ere hitz egiten direla, hauek hiztun kopuru oso txikikoak, askotan 1.000tik behera eta, batzuetan, 100 edota 20tik behera. Zer esanik ez dago hizkuntza gehienok desagertze bidean daudela.
Ekuadorreko egoera oso ezberdina. Populazio indigena %40koa da gutxi gora-behera eta gehiengoa mendian edo Amazonas inguruan kokatzen da. Badirudi oihanean dauden amerindiar kopurua 100.000 gizabanakoena dela (beste batzuk 50.000 diote) eta hamar bat talde etniko ezberdinetan banatzen direla, garrantzitsuenak quechuak eta shuar-ak izanik. Bertako herrien gaiari dagokionez, Ekuador nahiko atzeratuta dagoela esan daiteke eta, horregatik, euren lurren mugak zehaztu eta euren kausa defendatzeko egiten dute borroka indigenek. Elkarte indigenak indartsuak dira eta ongi antolatuak daude (Amazonasen CONFENIAE). Erakunde hauei esker indigenen talde eskubideei buruz hitz egiten duen kapitulu bat idatzi ad konstituzioan bertan. Hizkuntzen atalari dagokionez, zera adierazten da: gaztelera dela hizkuntz ofiziala eta quechua, shuarra eta beste hizkuntzek ofizialtasuna dutela herri indigenetan. Gizabanakoak kalitatezko hezkuntza elebiduna jasotzeko eskubide du. Haurrek euren kultura euren hizkuntza propioan jasotzea eta, aldi berean, kultura ofiziala gazteleraz ezagutzea da helburua. Hau guztia praktikara eramatea ez da batere erraza eta lege hauek guztiak teoria besterik ez dira oraindik.
Venezuelan ordea, estatuak badauka komunitate autoktonoen eskubideen errespetua ziurtatzeko tresneria juridiko landua. Hizkuntz indigenek ofizialtasuna lortu dute gazteleraren alboan eta herri indigenei dagokie beraien identitate etniko eta kulturala mantendu eta garatzea. Hezkuntza propio bat eta beraien berezitasun soziokultural, balore eta ohiturak kontutan hartuko dituen hezkuntza sistema elebidun bat edukitzeko eskubidea dute. Hezkuntza elebidunaren lehen pausuak 1979an eman ziren hamar bat etniekin, baina emaitza nahiko kaskarra izan zen, izan ere, sistemak ez baitzituen bertako beharrak kontutan hartu, programa nazionalak ez baitzuen indigenen kulturen elementurik aintzakotzat hartu. 1992an 320.000 amerindiarrek (beste batzuek 500.000 diote) gaztelera ez zen ama hizkuntza bat hitz egiten zutela uste da, populazioaren %1,5a besterik ez. Gainera 320.000 hauek hogeita hamar bat hizkuntza ezberdinetan banatzen dira, garrantzitsuenak warao-a (18.000 hiztun) eta wayuu-a (170.000 hiztun) izanik. Bi hizkuntza hauek izan ezik, beste hizkuntza gehienak desagertze arriskuan daude. Eta, legegintza-esparru bat baden arren, bere aplikazioa oso hipotetikoa da.
Horrela ba, Amazonasen marko juridiko ezberdinak egon arren, bertako komunitateen altxor linguistikoa mehatxupean dago. Herrialde guztietan, amerindiarrak mota ezberdineko bortxakerien biktima izaten jarraitzen dute (arrazakeria, euren lurren kentzea, gizarte ezberdintasunak, beraien sinesmenen gutxiespena...). Hizkuntzaren jarraipena beharrezkoa da komunitate baten biziraupenerako, hau baita oinarria, identitate sinboloa
PROIEKTUAREN ZERGATIA.
Frantziako euskararekiko adibidea eta ikastolen mugimendua abiapuntu izanda, gure bidaiaren helburua jendearen sentsibilitatea piztea da: komunitate autoktonoen berezikeria linguistikoa eta kulturalak errespetatu beharraren garrantziaz kontura dadin jendea nahi dugu. Elkarrizketa bat, ideien elkartruke bat eta hezkuntza elebidun / eleanitzari buruzko hausnarketa bat piztu nahi dugu Amazonaseko arroan hezkuntza elebidun / eleanitzean duten esperientzia propiotik hasita. Bidaia honetan ere herrialde bakoitzak duen hizkuntza politika eta benetako errealitatearen arteko koherentzia aztertu nahi da.
Hezkuntza eleanitza eta, batik bat, elebiduna, oraindik ere alboan uzten den aukera, gutxiengoen komunitate hauentzat irtenbide pedagogiko egoki bat izango litzatekeela iruditzen zaigu. Hezkuntza mota honek bertako hizkuntza erabiltzea bultzatzen du, izan ere, gehienetan, eskolan ez baitu lekurik. Hizkuntza autoktonoaren erabilera honek haurrei nahi bezala eta gustura espresatzen uzten die eta, hala, bigarren hizkuntza bat –ordura arte arrotza- erraz ikasiko dute. Frustrazio sentsazio hori alde batera utzita, haurrak beharrezko hezkuntza oinarri guztiak zailtasunik gabe jasoko ditu. Kualitatiboki aztertuta, hezkuntza elebidunak ahalmen intelektualen garapena errazten du, ikerketa kuantitatiboek zera erakusten dutelarik: haur elebidunak kapazitate eta eskola emaitza hobeak agertzen ditu haur elebakarrarekin alboratuz gero (Claude Hagège, L’enfant aus deux langues, Paris, O. Jacob, 1996). J.M. Jaureguiberry soziologoaren lanek zera ziurtatzen digute: Frantzian lehen mailako hezkuntza seigarren mailara sartzeko egiten diren azterketetan (Jospin testa), euskal elebidunek adin bereko elebakarrek baino emaitza hobeak eduki izan dituzte. Notak nazioko bataz bestekoarena baino altuagoak dira.
OHARRAK